Ekonomia -
Uztaileko datuak
Turismoen matrikulazioa % 37 murriztu da EAEn eta % 55 Nafarroan
Espainiako Estatu osoko datuak kontuan izanda, salmenten beherakada % 24,1ekoa izan da, 2000E Planaren diru-laguntzak agortu direlako batez ere.
Erredakzioa
Autoen matrikulazioa % 37,43 murriztu da EAEn eta % 55,83 Nafarroan, uztailean, Anfac auto fabrikatzaileen elkarteak eta Ganvam saltzaileenak jakiteraeman dutenez.
82.167 auto matrikulatu dituzte Espainiako Estatuan epe berdinean, iaz baino % 24,1 gutxiago, aipatu iturrien arabera.
Hamar hilabetez (2009ko irailetik) goraka egin ondoren, uztailean atzera egin du saldutako autoen kopuruak, 2000E Planaren laguntzak agortu direlako batez ere.
Izan ere, Gobernuak aipatu laguntza ez luzatzea erabaki du, eta iazko ekainetik indarrean egon denez, nabarmena izan da horren gabezia.
Hala ere, BEZaren bi puntuko igoerak ere izan omen du eragina salmenten murrizketan, zeren autoak 450 euro garestitu baitira batez beste.
Aurtengo lehenengo zazpi hilabeteetan 686.328 auto matrikulatu dituzte, hau da, salmentek % 26,8ko igoera izan dute. Igoera horiek Estatuko erkidego guztietan atzeman dira, Nafarroan (% 1,1) eta Asturiasen (% 4,8) izan ezik.