Ekonomia -
Osakidetza
Gurutzetako langile bat amiantoagatik hil dela salatu du LABek
Osakidetzako langile ohia amiantoa arnasteak eragin ohi duen gaixotasun baten ondorioz zendu zen. Gurutzetako ospitaleko hirugarren amiantoaren biktima dela baieztatu du sindikatuak.
Erredakzioa
Gurutzetako ospitaleko langile bat amiantoa arnasteagatik hil dela salatu du LABek eta oraindik osasun-zentroetan dagoen amiantoarekin "langileak eta erabiltzaileak arriskuan ez jartzeko" lan egitea eskatu dio sindikatuak Osakidetzari.
Bizkaiko Gurutzetako eta San Eloyko ospitaletan lan egin zuen B.G. E. pleurako mesotelioma batek jota hil zen uztailaren 29an. LABek, halaber, Gurutzetako amiantoaren hirugarren biktima dela adierazi du.
Amiantoak arnasteak eragin ohi duen gaixotasun horregatik lanerako ezintasuna zuen baina, ez zioten aitortu lantokian jatorria zuenik.
Osakidetzak "gai larri horri behar bezala eusten ez" diola gaitzetsi du sindikatuak eta "azterketa medikuak langile jakin batzuei (mantenukoak) egiten dizkietela eta beste kolektiboak baztertzen" dituztela salatu du.