Ekonomia -
BBVA Research
Ekonomiak %0,6 behera egingo du 2009an eta %0,7 hazi 2010ean
BBVAren datuen arabera, ziurgabetasuna izango da nagusi urteko bigarren seihilekoan. Bestalde, eta Gobernuak hartutako neurriei dagokienez, defizit publikoa murrizteko "egokiak" direla dio txostenak.
Erredakzioa
Espainiako ekonomia %0,6 murriztuko da aurten eta hurrengo urtean, aldiz, %0,7 haziko da. Hau da, hain zuzen, BBVA Research txostenak gaur jakitera eman duena. Txosten horren arabera, nahiz eta azken bi hiruhilekoetan gora egin, ekonomiak geldi jarraitzen du, eta krisiari aurre egiteko erreforma estrukturalei bultzada eman behar zaie.
BBVAko ikerketa zerbitzuaren esanetan, Barne Produktu Gordinak (BPG) hurrengo bi urteetan izango duen eboluzioaren inguruko aurreikuspenak berean utzi ditu, nahiz eta azken aldian hartutako neurriek nolabaiteko eragina izan dezaketen.
Gobernuaren aurreikuspenekin alderatuta, BBVArenak ezkorrak dira. Gobernuaren arabera, aurten ekonomiak %0,3ko murrizketa izango du eta datorren urtean %1,3 handituko da.
Hala ere, hurrengo seihilekoan ziurgabetasuna nagusi izango dela azpimarratzen dute, BEZaren igoerak, aurrekontuen zorroztasunak eta merkatuen tentsioek eraginda, batez ere.
Gobernuak abian jarritako neurri fiskalak "egokiak" direla dio txostenak. Helburua, defizit publikoa murriztu eta 2013rako %3aren azpitik uztea da. Hala ere, BBVAren ustea ez da hain baikorra.
Aurreikuspenak hobetu egin dira
Datuen arabera, kontu publikoek BPGaren %9,6ko murrizketa izango dute (Gobernuaren aurreikuspenek %9,3 ematen dute) eta 2011 urtearen amaieran %6,6koa izango da (Gobernuak, %6).
Dena den, epe ertainera egindako aurreikuspenak duela hilabete bi egindakoak baino hobeak direla azpimarratu dute.
Honen harira, Gobernuak hartutako azken neurriak eta finantza merkatuen tentsioaren beherapenak hazkuntzaren bidea hartu eta 2011an lanpostuak sortzea erraztuko dutela uste dute.