Ekonomia -
Arrantza
Euskal arrantzaleek 5.000 tona antxoa harrapatu dituzte dagoeneko
Berdelaren kanpaina amaitu da eta euskal ontziek 12.800 tona berdel arrantzatu dituzte. Kiloa, batez beste, 0,93 euroan saldu da.
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
Euskal arrantzaleek 5.000 milioi tona antxoa baino gehiago harrapatu dituzte orain arte, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeak gaur jakitera eman duenez. Berdel kiloa 1,86 euroan saldu da, batez beste, portuetan.
Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, Getariako "Antxua Egunean" aurkeztu ditu Orozek kanpainaren hasierako datuak, eta amaitu berri den berdelaren kanpainako datuak ere eman ditu.
"Kanpaina ondo hasi da, nahiz eta harrapaketak iazkoak baino gutxiago izan diren, prezioa altuagoa izanda (2016an 8.000 tona harrapatu zituzten eta batezbesteko salmenta prezioa 1,72 eurokoa izan zen). Oraindik hilabete batzuk falta dira arrantzaldia bukatzeko, eta espero dugu kanpaina amaiera arrakastatsua iragartzea", azpimarratu du Oroz sailburuordeak.
Berdelaren kanpainari dagokionez, bukatu berri den kanpainari buruzko balorazio positiboa egin du Orozek. Horren hitzetan, "12.800 tona arrain harrapatu dira, eta kiloko batezbesteko prezioa 0,93 eurokoa izan da". Harrapaketen datuak eta salmenten prezioa iazko ekitaldikoak baino hobeak dira, 2016an 10.400 tona harrapatu eta kiloko 0,75 euroan saldu baitzituzten.
Bioman kanpaina
AZTIk kanpaina berri bati ekin dio Bizkaiko golkoan dagoen antxoa populazioa kalkulatzeko. Maiatzaren 4an 14 ikertzailek osatutako talde bat Ramon Margalef eta Emma Bardan ontzi ozeanografikoetan abiatu ziren Pasaiako portutik antxoaren ugalketa eremuan ibiltzeko eta egunean harrapatzen dituzten aleen kopurua aztertuz antxoaren populazioa kalkulatzeko.