Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Egibarrek transferentzia osoa ez dutela negoziatuko susmatzen du
EAJren GBBko presidenteak esan du Eusko Jaurlaritzak orain arte ez duela "ezer" lortu eta argi adierazi du enplegu politiken eskumen osoa lortzen ez badute negoziazioak ez duela ezertarako balioko.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako presidenteak susmoa agertu du Patxi Lopez buru duen Eusko Jaurlaritzak ez duela enplegu politika aktiboen eskumen osoa negoziatuko Madrilgo Gobernuarekin.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Egibarrek Mikel Torres PSE-EEren exekutibako koordinadorearen adierazpenak izan ditu hizpide. Iraileko lehenengo edo bigarren astean Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua bildu egingo direla iragarri zuen, eta horren ondoren enplegu politika aktiboen eskumena EAEren esku geratuko dela.
Egibarrek esan du ez duela esperantza handirik PSE-EEren iragarpenaren inguruan eta eskumena osorik ez dutela negoziatuko beldur da.
EAJko eledunak uste du Eusko Jaurlaritzak ez duela ezer lortu orain arte eta eskumena EAEra osorik heltzen ez bada ez duela ezertarako balioko gaineratu du. Haren esanetan, baldintza horietan "ez luke mereziko" eskumena lortzeak.
"Euskal langabeentzako ostikada bat" da jeltzaleen "betoa"
Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramaileak baieztatu duenez, EAJk "lanaren aldeko eskumen eragingarriak martxan jartzeari baino Patxi Lopezen Gobernua ahultzeari garrantzi handiago ematen dio", eta jeltzaleek lan enplegu politikei ezarritako betoa "euskal langabeentzako ostikada bat" dela salatu du.
Hori horrela, politika horien eskumenen atzerapena "euskal herritarrei", "erakundeei" eta "langabeei" kalte egin dien jeltzaleen "arrakasta alderdikoia" dela esan du Barredak.