Ekonomia -
Euskal enpresa
Tubacex taldeak 550 milioi euroko kontratu garrantzitsua lortu du Iranekin
Iaz enpresak urte osoan fakturatu zuenaren parekoa da. Datozen lau urteotan fakturazioa bikoiztea du helburu taldeak.
EITB.EUS
Tubacex euskal enpresak kontratu historikoa erdietsi du Iranekin, 556 milioi euroko eskariarekin, konpainiak gaur jakinarazi duenez.
Irango Petrolio Konpainia Nazionalarentzat (NIOC, ingelesezko sigletan) gasa eta petrolioa garraiatzeko hodiak egingo ditu hiru urtez. Eskaria 630 milioi dolarrekoa (556 milioi eurokoa) da, 2016ko fakturazio guztiaren parekoa.
Kontratu historiko horrekin, datozen lau urteetako fakturazioa bikoiztuko duela espero du Tubacexek, 1.000 milioi euroraino.
Konpainiak gaur goizean egin du Akziodunen Batzarra. Aurretik, Alvaro Videgain presidenteak eta Jesus Esmoris kontseilari delegatuak agerraldia egin dute enpresaren egoerari buruzko datuak emateko.
Egun, "premium" motako hodien eskaera 700 milioi eurokoa dela eta hiru urterako lana izango dutela azpimarratu dute, Tubacexek inoiz izan duen lan-kargarik handiena.
Kazetariek Jose Maria Aristrain akzionista nagusiari buruz ere galdetu diete; izan ere, Fiskaltzak 64 urteko kartzela-zigorra eta 1.190 milioi euroko isuna eskatzen du Aristrainentzat, Ogasunari iruzurra egitegatik.
Videgainek esan du enpresari gipuzkoarrak Tubacexen duen parte-hartzea ez dela aldatu eta, beraz, aurrerantzean ere akziodun nagusia izaten jarraituko duela espera dutela.