Ekonomia -
Bozketa 15:00etatik aurrera
Lan-erreformaren 289 zuzenketa eta bi beto aztertzen ari dira Senatuan
Azken bozketan abstenitu egingo dela aurreratu du EAJk; izan ere, jeltzaleen arabera, sozialistak "bigarren mailako gaiak" aldatzeko prest baino ez daude.
Erredakzioa
Atzo sindikatuek talde parlamentarioei jarrera aldatzeko eskatu ondoren, lan-erreformaren lege proiektuaren inguruko 289 zuzenketa eta ERC eta ICVen bi beto aztertzeari ekin diote 12:00etan, Senatuko Lan Batzordean. Horiek guztiak 15:00etatik aurrera bozkatzen hastea aurreikusi dute.
Formazio eskaintzei uko egiteko langabeek duten 100 egunetako epea 30era murrizteko PSOEk proposatutako zuzenketa eztabaidatsua izango dute hizpide, besteak beste.
Horren harira, Celestino Corbacho Lan eta Inmigrazio ministroak zuzenketa horrek eragindako "zalaparta" ulertzen ez duela esan du RNEn. Lan eskaintzak aintzat hartzen ez dituela eta formazio ikastaroei uko egiteari buruzko dela zehaztu du, eta EAJk eta CiUk zuzenketa hori babestuko duten uste osoa duela gaineratu du Corbachok.
Irailaren 9an berriz bozkatuko dute lege proiektua Kongresuan.
EAJ
EAJk, bere aldetik, 19 zuzenketa aurkeztuko ditu Goi-Ganberan. Berea alderdiak hainbat zuzenketan zer bozkatuko duen erabaki ez duela adierazi du Joseba Zubia EAJKo senatariak. PPk eta CiUk zenbait zuzenketetan "ia bat egiten" dutenez eta horietan EAJren jarrera "erabakigarria" izango denez, erabaki bat hartzea erraza izango ez dela aitortu du Zubiak.
Azken bozketan abstenitu egingo dela aurreratu du EAJk; izan ere, jeltzaleen arabera, sozialistak "bigarren mailako gaiak" aldatzeko prest baino ez daude.