Ekonomia -
Espainiaren langabezia tasa Europar Batasuneko altuena da
Euroguneko langabeziak % 10ari eutsi dion bitartean, Espainiakoa % 20,3koa izan da uztailean. Austria (% 3,8) eta Herbehereak (% 4,4) dira EBn langabezia tasa baxuena duten herrialdeak.
Erredakzioa
Euroguneko langabezia tasa % 10ean eta Europar Batasunekoa (EB) % 9,6an egonkortu da uztailean. Espainiako % 20,3koa, aldiz, EBko tasa altuena da, Eurostatek argitara eman dituen datuen arabera.
Europako Estatistika bulegoaren arabera, langabeziak hamarren bat egin du gora ekainean Espainian, eta moneta bakarraren kideen tasa eta Europar Batasunekoa ez da martxotik eta otsailetik aldatu, hurrenez hurren.
Aipatzekoa da Espainian gazteen % 41,5 zeudela langabezian uztailean eta % 39,3 zeudela egoera horretan duela hilabete.
Bestalde, Austria (% 3,8) eta Herbehereak (% 4,4) dira EBn langabezia baxuena duten herrialdeak. Espainia (% 20,3), Letonia (% 20,1, 2010eko lehen hiruhilekoan) eta Estonia (% 18,6, 2010eko bigarren hiruhilekoan) daude zerrendaren lehen postuetan.
2009ko uztailean, Eurogunean biztanle aktiboen % 9,6k ez zuten lanik, Europar Batasunean % 9,1ek eta Espainian % 18,4k.