Ekonomia -
AHT-a Nafarroan
AHTari buruzko negoziazioak eteteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari
EH Bildu eta Ahal Dugu alderdiek eta ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek 'AHTari ez, aldaketari bai' izeneko manifestua sinatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bildu eta Ahal Dugu alderdiek eta ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek "AHTari ez, aldaketari bai" izeneko manifestua sinatu dute gaur, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote bertan behera utz ditzala abiadura handiko trenari buruz Madrilgo Gobernuarekin abiatutako negoziazioak.
Izquierda-Ezkerrak ere manifestuarekin bat egitea aurreikusita bazegoen ere, azkenean koalizioko kideak ez dira sinadura ekitaldira agertu. Izquierda-Ezkerrako iturriek azaldu dutenez, ez dute dokumentua sinatuko IUko eta Batzarreko zuzendaritzek gaia eztabaidatu arte. Hala ere, Izquierda-Ezkerratik azpimarratu dute "oso ezaguna" dela koalizioak gai horri buruz duen jarrera, eta "babes osoa" eskaini diote dokumentuari. Dena den, koalizio barruan gaia eztabaidatu arte ez dute sinatuko.
Gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu duten manifestuan, abiadura handiko trenari buruz Espainiako Gobernuarekin hasitako negoziazioak bertan behera uzteko eta eztabaida soziala zein politikoa abiatzeko eskatu diote sinatzaileek Nafarroako Gobernuari. Sinatzaileen esanetan, nafar guztien beharrak aintzat hartu beharko lituzke trenbide sareak, eta gizarte eredu justu eta jasangarri baterako pausoak emateko balio beharko luke.
Halaber, sinatzaileek AHTaren "kontrako jarrera irmoa" eta proiektua geldiarazteko borondatea erakutsi dute. Horien esanetan, krisi ekonomikoaren ondorioz proiektua lozorroan sartu bazen ere, orain proiektuari heldu diote berriro, eta Espainiako Estatuak hitzarmen bat proposatu dio Foru Gobernuari. Uxue Barkosen Gobernua eskema horretan sartzeko eta azpiegiturari argi berdea emateko prest agertu dela salatu dute.
Sinatutako dokumentuan zehaztu dutenez, ez dute onartuko Nafarroako Gobernua abiadura handiko trena gauzatzeko lanean inplikatzea, ez edonolako hitzarmenen bitartez ezta beste edozein modutan babestuz edo kolaboratuz. Hori dela eta, Etxabakoitzeko proiektua geldiaraztea eskatu dute.
Bestalde, elkarlanean mobilizazioak bultzatzeko deia ere egin dute. Ildo horretan, urriaren 7an Nafarroa erdialdean mobilizazio bat egitea proposatu dute.
Azkenik, alternatiba bat eraikitzeko bide komun bat josteko konpromisoa erakutsi dute, betiere, nafarren borondatea errespetatuz.