Ekonomia -

Lan-erreformaren aurka

CCOO eta UGT: 'Grebak Gobernuaren jarrera aldatzea espero dugu'

"Dena ez dago esanda oraindik", esan du Sordok. Casadoren ustez, berriz, Zapateroren Gobernua "kapitalismoaren eskuetan erori da eta langileak alde batera utzi ditu".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 29ko greba orokorraren ostean, Espainiako Gobernuak bere "murrizketa" politikaren aurrean "jarrera aldatzea" espero dute Unai Sordo eta Damaso Casado Euskadiko CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek.

Grebak "arrakasta" badu, Espainiako Gobernuak "jarrera aldatu beharko du" lan-erreformak langileentzat jasotzen dituen neurrien aurrean, adierazi du Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak.

"Dena ez dago esanda oraindik, ez lan-erreforman ezta gainerako erreformetan ere", esan du Sordok. Krisia langileen lan eta gizarte eskubideen kontura konpondu nahi dutenentzat "balazta, dikea" izan behar du grebak, horren iritzian.

Euskadiko UGTko idazkari nagusiaren esanetan, Zapateroren Gobernua "kapitalismoaren eskuetan erori da eta langileak alde batera utzi ditu".

Casadok grebarekin bat egiteko eskatu die berriro sindikatu abertzaleei, eta Euskadiko CCOOko idazkari nagusiarekin batera, ELA eta LAB sindikatuetako agintari nagusiei gutun bat bidali dietela eta oraindik erantzunik jaso ez dutela gaineratu du.

Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek bihar erregistratuko dute ofizialki grebaren deialdia Lan Ministerioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea