Ekonomia -
Protesta
Pentsioen erreformaren kontrako greba orokorra, gaur Frantzian
Erretiro adina 60 urtetik 62ra atzeratzea da Gobernuaren egitasmoko neurri gatazkatsuena. Sindikatuek bi milioi pertsona bildu nahi dituzte manifestazioetan.
Erredakzioa
Frantzian greba orokor eguna dute gaur. Sindikatuek deituta, Nicolas Sarkozyren Gobernuak egin nahi duen pentsioen erreforma salatuko dute, proiektua Parlamentuan eztabaidatzen hasi behar diren egun berean.
Erretiroa hartzeko adina atzeratzea, 60 urtetik 62ra, da Gobernuaren neurri esanguratsuena, eta sindikatuek kalera ateratzeko duten arrazoi nagusia.
Greba orokorrak tren zerbitzuan izango du eragin handiena, izan ere, atzo gauean hasi zen protesta eta abiadura handiko trenen bostetik hiru eta erregionalen erdiak ez direla martxan egongo espero dute.
Sindikatuentzako indar erakustaldia izango da gaurkoa, Gobernuak erreforma onartzeko gehiengo zabala izan arren oposizioa egiteko indarra erakutsi nahi dute.
"Ez naiz arazoa konpondu gabe alde egingo duen beste presidente bat izango", adierazi zuen Sarkozyk iragan astean, aurreko zenbait presidentek gai horretan izan duten jarrerari erreferentzia eginez.
Bi milioi manifestari
Bi milioi manifestari kalera ateratzea da helburua, izan ere, kopuru horixe atera omen zen protesta egitera iragan ekainaren 24an pentsioen erreformen kontrako beste greba egun batean.
Sindikatuek badakite grebak arrakasta handia izatea dela Gobernuari asmoak aldatzeko aukera bakarra.