Ekonomia -
Arrantza
Kantauriko antxoaren kuota murrizteko eskatu dute zientzialariek
Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) arrantzatutako arrain kantitatea 6.000 eta 11.000 tona artean uztea proposatu du.
Erredakzioa
Michael Sissenwine Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluko (ICES) presidenteak Bizkaiko Golkoan arrantzatzen den antxoa kantitatea 6.000 eta 11.000 tona artera murriztea aholkatu du, animaliaren biziraupena bermatze aldera.
Europar Batasuneko arrantza baliabideen egoera aztertzeko batzarra antolatu dute Bruselan eta bertan izan da Maria Damanaki Arrantza komisarioa ere.
Sissenwinek azaldu duenez, biomasa muga biologiko "seguruen" barruan mantentzea % 50ean ziurtatzeko, beharrezkoa da Kantauriko antxoaren gehienezko kuota 11.000 tonatan uztea. Hala ere, ziurtasuna "% 95"era iristeko kuota 6.000 tonara jaitsi beharko litzatekeela zehaztu du.
EBk abenduan ireki zuen antxoaren arrantza ia bost urtez debekatuta izan ostean eta gehienezko kuota 7.000 tonatan jarri zuten, udaberriko datuekin berrikusteko aukerarekin. Espainiako Estatuak eta Frantziakoak 5.400 eta 1.600 tona jaso zituzten hurrenez hurren.
Uztailean, EBk arrantzatzeko kantitatea 15.600 tonara handitzea erabaki zuen, arrainaren "egoera ona" zelakoan.