Ekonomia -

29ko greba orokorra

Adostasunik ez, nazioarteko hegaldien zerbitzu minimoetan

Hori jakinarazi du CCOOk. Hala ere, badirudi akordioa dagoela itsasoko eta portuetako alorrean, baina hegaldien kasuan Ministerioak % 40 eskaintzen du eta hori sindikatuen eskaritik "oso urrun" dago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 29ko greba orokorrean ezarri beharreko zerbitzu minimoen negoziazioan desadostasunak dira nagusi sindikatuen eta Espainiako Gobernuaren artean. Izan ere, itsasoko eta portuetako alorrean akordioa gertu badago ere, nazioarteko hegaldien kasuan "oso urrun" dago ituna, sindikatuen esanetan.

Hori adierazi du behintzat Jose Fernandez CCOOren ordezkariak Sustapen Ministerioarekin egiten ari diren bileran egindako atsedenaldi batean.

Sustapen Ministerioak eta sindikatuek arratsaldean jarraituko dute gutxiengo zerbitzuak erabakitzeko bilera.

Sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, Sustapen Ministerioak % 40ko zerbitzu minimoak eskaini ditu nazioarteko hegaldietan, baina hori "oso urrun" geratzen da sindikatuen eskaritik.

Ez da gauza bera gertatzen Estatu barruko hegaldietan, izan ere, antzerako nahia dute, baina Fernandezek ez du zehaztu portzentairik.

Blancok akordioa espero du

Jose Blanco Sustapen ministroak, bere aldetik, akordioa lotzea espero du, beti ere interes orokorra greba orokorraren eskubidearekin uztartuz.

"Atzo sindikatuekin hitz egin genuen eta gaur zerbitzu minimoen akordioa lotzea espero dugu, greba orokorraren eskubidea interes orokorrarekin uztartuz beti ere", Blancok Kongresuko korridorean azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea