Ekonomia -
Abuztuko datuak
EAEra etorritako bidaiarien kopurua % 18 hazi da
Orotara 266.069 bidaiari-sarrera izan dira hotel-establezimenduetan, aurreko urteko hilabete berean baino 40.140 gehiago. Gaua igaro dutenen kopurua ere hazi egin da, % 16 hain zuzen ere.
Erredakzioa
2010eko abuztuan 266.069 izan dira EAEko hotel-establezimenduetako bidaiari-sarrerak, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino 40.140 gehiago; horrenbestez, % 18ko hazkundea izan da, Eustatek gaur zabaldu dituen datuetan agertzen denez. Arabara heldutako bidaiarien kopurua % 50 gehitu da, Bizkaira heldutakoen kopurua % 18 eta Gipuzkoara heldutakoena % 7.
Hazkunde handiena atzerritik etorritakoen artean izan da (% 20), Estatutik etorritako bidaiari kopuruak, berriz, % 17 egin du gora.
2010eko abuztuan 560.371 gau igaro dituzte bidaiariek, hau da, aurreko urteko abuztuarekin alderatuta gaua igaro dutenen kopurua % 16 gehitu da, guztira ia 75.600 gau gehiago igaro baitituzte.
Batez besteko egonaldiaren iraupenak, hala ere, behera egin du pixka bat 2009ko abuztuarekin alderatuz gero: 2,15 eguneko egonaldiak egin ziren 2009ko abuztuan eta aurten 2,11 egunekoak.
Okupazioa
Plazen okupazio mailak ere gora egin du, % 9, eta abuztuan % 67,02koa izan da EAEn.
Nekazalturismoko establezimenduetara etorritako bidaiari kopurua ez da aldatu eta igarotako gau kopurua %10 igo da.