Ekonomia -
Metalaren sektorea
Adegik ez du negoziatuko lanuzte guztiak bertan behera utzi arte
ELAk eta LABek asteleheneko eta astearteko lanuzteak bertan behera utzi izana ez dela nahikoa uste du Gipuzkoako patronalak.
Erredakzioa
Juan Ramon Apezetxea Adegiko lan harremanetarako zuzendariak iragarri du patronala ez dela joango ELAk eta LABek astearterako deitutako Metalaren Mahaira eta ez duela negoziatuko lan hitzarmena aurrez ikusita dituzten zazpi lanuzteak bertan behera utzi arte.
Apezetxeak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, Donostian, Nerea Zamacola Adegik lan hitzarmenak negoziatzeko duen ordezkariarekin batera.
Horretan, Gipuzkoako patronalaren lan harremanetarako zuzendariak ohartarazi du ez dela "nahikoa" sindikatu abertzaleek hurrengo asteleheneko eta astearteko lanuzteak bertan behera utzi izana, eta deialdi guztiekin berdin egin arte, negoziazioa "ezinezkoa" izango dela.
Patronalaren esanetan, "zaila" da ulertzea krisi testuinguruan grebak egitea, eta hortaz, langileek deialdiei muzin egitea espero duela nabarmendu du.
Adegik ohartarazi du lanpostu asko "arriskuan" egon litezkeela greben ondorioz, eta seguru aski enplegua suntsituko dutela.
Apezetxearen arabera, Gipuzkoako metal sektorearen lan hitzarmenak ezin du ahaztu testuingurua. Hori dela eta, otsailean aurkeztu zuten proposamenean erraztasunak eman nahi izan zizkieten enpresei, besteak beste lan-egutegien eta mugikortasun geografikoaren alorretan.
ELA eta LAB
Zazpi greba egunak bertan behera utzi bitartean Adegik negoziaketak uztea kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Horrela, patronalak negoziatzen jarraitzeari uko egin dio.
ELA sindikatuaren esanetan, Adegiren adierazpenek "Gipuzkoako patronalaren borondate eza" agerian uzten dute, "Gipuzkoako metalaren lan-baldintzak zapuztu nahi dituen hitzarmen baten aldeko apustua egin dutelako".
Bestalde, patronalak negoziaketa soldatetan eta lanaldian oinarritzeko proposamena onartu ostean orain elkarrizketak uzteko erabakia hartzea deitoratu du LAB sindikatuak. "Euren jarrera onartezina eta etsigarria da", adierazi du LABek.