Ekonomia -
Auto elektrikoaren egitasmoa
Kontu Auzitegiak ez ditu Hirikoren diru-laguntzak epaituko
Auzitegiak ez du erantzukizun kontablerik antzeman Eusko Jaurlaritzak Hirikori emandako diru-laguntzetan. Erabakiak ez du Afypaidako arduradunen aurkako prozesu judiziala baliogabetzen.
Radio Euskadi | eitb.eus
Espainiako Kontu Auzitegiak ez du kontabilitate-erantzukizunik antzeman Eusko Jaurlaritzak Hirikori emandako diru-laguntzetan, Radio Euskadi irratiak aurreratu duenez.
Honenbestez, auto elektrikoaren proiektuari emandako diru-laguntzengatik epaiketa kontablerik ez egitea erabaki Auzitegiak. Egitasmoak porrot egin zuen diru publikoa jaso ondoren, 18 milioi euro, hain zuzen ere. Erabaki honek ez du Afypaidako arduradunen aurkako prozesu judiziala baliogabetzen.
Berrikuntza babesteko programaren barnean, Eusko Jaurlaritzak Hirikori 2011n emandako diru-laguntzak soilik aztertzen ditu Kontu Auzitegiaren autoak.
Aurretiazko txosten batean diru-laguntza horietan irregulartasunak antzeman zituen Kontu Auzitegiak, gastuak ez justifikatzeagatik edo enpresa onuradunen artean zerbitzuak azpikontratatzeagatik.
Irregulartasun justifikatuak
Baina irregulartasun horiek justifikatu zituztela ebatzi du orain Kontu Auzitegiak, administrazioak ezarritako baldintzak bete zituztelako eta eskatutako kopurua estali zutelako. Ondorioz, ez da beharrezkoa erantzukizun kontableagatik epaiketa egitea.
Eusko Jaurlaritzak Hirikori emandako diru-laguntza zatirik txikiena da; izan ere, Espainiako Gobernuak laguntza gehienak eman zituen. Afypaidako arduradunek dirua itzuli beharko duten ikusteke dago oraindik.
Arabako Auzitegiko merkataritza-gaietarako epaitegia enpresaburuak epaitzen ari da. Fiskalak 16 milioi euro eskatu dizkie. Gainera, datozen hilabeteetan auzi penalari aurre egin beharko diote.