Ekonomia -
Osoko Bilkura
Bilbaok Euskadiren interesak babesteko eskatu dio lehendakariari
Bestalde, ETAren estortsio gutun bat erakutsi du Bizkaiko diputatu nagusiak, erakunde terroristak mehatxatzen eta estortsionatzen jarraitzen duela demostratzeko.
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak "Euskadiren interesak defendatzeko eginbeharra" bete dezala eta "Espainiako Gobernuarekiko sumiso izan ez dadila" exijitu dio Patxi Lopez lehendakariari.
Gainera, Kontzertuaren Batzorde Mistoa deitzeko eskakizuna berretsi du eta aldundiak "zaindari" egongo direla eta "matxuratutako merkantzia" ez dutela onartuko ohartarazi du. Gernikako Batzar Nagusietan egin duten Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, Bilbaok esan du "baikorrak" izateko arrazoiak daudela, baina ezin direla "banderak aireratu".
Ahaldun nagusiak esan duenez, Bizkaiak "aurreikusitakoaren gainetik" itxiko du 2010eko zerga-kanpaina eta % 7aren bueltan ibiliko da.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren 2010eko aurrekontuak "gogorrak" izango direla nabarmendu du, gastu soziala eta azpiegiturak lehenetsiz. Eztabaida fiskalaren inguruan, berriz, garbi du "krisi garaiak ez direla egokienak zerga sistemaren iraultza osoa egiteko".
Estortsioa
Bestalde, ETAren estortsio gutun bat erakutsi du Bizkaiko diputatu nagusiak, nahiz eta "eraso ekintzak bertan behera utzi" erakunde terroristak mehatxatzen eta estortsionatzen jarraitzen duela demostratzeko.
Bizkaiko politika orokorreko osoko bilkuraren arratsaldeko saioan erakutsi du gutuna Bilbaok.
EAko eta ANVko ordezkarien hitzaldiak entzun ostean gutuna erakutsi du agintariak. EAko eta ANVko ordezkariek ETAren azken komunikatuak eta ezker abertzaleak eta EAk onartutako agiriak izan dituzte mintzagai. Bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko lan egitea eskatu diete alderdiei eta erakundeei.