Ekonomia -

Greba orokorra

CCOO eta UGT: 'Greba arrakastatsua izan da, duda eta zalantza barik'

Celestino Corbacho Lan ministroaren esanetan, grebaren jarraipena "ezberdina" izan da, eta lanean eragina "neurrikoa".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greba orokorra "duda eta zalantza barik arrakastatsua" izan dela esan dute Candido Mendez eta Ignacio Fernandez Toxo UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusiek. Ondorioz, Gobernuak politika ekonomikoa zuzentzea eta lan-erreforma atzera botatzea espero dute bi buruzagiek.

"Ezkerreko ideiaren bat geratzen baldin bazaio" bere politika "aldatzeko" eskatu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteari CCOOko buruzagiak.

"Gobernuak aintzat hartu behar du greba", ohartarazi du Toxok, bestela Exekutiboak "bere buruaz beste" egin dezake. "Nahi duena egin dezala", erantsi du. "Greba irabazi dugu, orain etorkizuna irabazi behar dugu", adierazi du amaitzeko.

Lan-erreformaren "zuzenketa" eskatzeko sindikatuek deitutako manifestaldiek greba egunari bukaera eman diote. Sindikatuen arabera, 1.500.000 lagun baino gehiagok protesta egin dute lan-erreformaren aurka Espainia osoan. Manifestaldi jendetsuenak Madrilen (500.000 lagun) eta Bartzelonan (beste 400.000) izan dira. Manifestariek Gobernua kritikatu dute ''ZPP'' eta ''Agur traidore aza-kirtena'' bezalako leloekin.

Gobernua

Celestino Corbacho Lan ministroaren hitzetan, grebaren jarraipena "ezberdina" izan da, eta lanean eragina "neurrikoa". Hala ere, "Gobernuak ez du eztabaidatzen hasi nahi", esan du. Gainera, ministroaren arabera, "bihartik aurrera Gobernuak elkarrizketa bultzatu nahi du, lantzen jarraitu beharreko gaiak identifikatzeko".

Corbachok azaldu duenez, ibilgailuen industrian eta portuetan jarraipena erabatekoa izan da, baita beste industria batzuetan ere. Ostalaritzan eta merkataritzan, berriz, % 3koa eta % 1ekoa izan da, hurrenez hurren.

Langile publikoei dagokienez, Estatuko Administrazio Orokorrean jarraipena % 7,52koa izan da, Corbachok emandako datuen arabera; % 23,8koa izan da enpresa publikoetan eta % 12koa, udaletan. Horrez gain, Sustapen Ministerioaren arabera, garraioen sektorean greba % 21ekoa izan dela eta zerbitzu minimoen % 98,7 bete direla esan du Corbachok.

Horrez gain, Sustapen Ministerioak emandako datuen arabera, garraioen sektorean greba % 21ekoa izan dela eta zerbitzu minimoak % 98,7 bete direla esan du Corbachok.

CEOE

Jose Maria Lacasa CEOE enpresarien elkarteko idazkari nagusiak, bere aldetik, protesta eguneko "normaltasun handia" azpimarratu du, eta merkataritza alorrean denden % 95 irekita egon direla goraipatu du.

Patronalaren arabera, banketxeen eta aurrezki kutxen % 3 soilik itxi dituzte gaur goizeko hamarretarako. Lanera "askatasun osoz" joateko aukera izan duten lantokietan normaltasuna izan omen da nagusia; zerbitzu minimoak gutxiegi izan direnetan, berriz, "ondorioak larriagoak izan dira".

Horren harira, garraio sektorean "indarkeria eta mehatxu" egoerak bizi izan dituztela salatu du, eta piketeen atzean "sindikatuak" zeudela.

Arratsaldean, CEOEk eskainitako datuen arabera, langileen % 20k greba egin du. Patronalaren ustez, industria alorrean jarraipena % 30koa izan da.

Jarraipena gaueko txandan

Grebaren ondorioz handizkako merkatu nagusiak eta metalaren sektorea gelditu dira batez ere. Confemetal metal alorreko patronalak % 60 eta % 70 inguruan kokatu du jarraipena.

Estatuko Komunikazioa Idazkaritzak webgune batean jakinarazi duenez, greba orokorraren lehenengo orduetan zerbitzu minimoak errespetatu dituzte eta ez da istilu handirik izan.

Piketeek kamioien sarrera oztopatu dute Madrilgo, Bartzelonako, Sevillako eta Valentziako handizkako merkatuetan.

Mercamadriden, 600 inguru pertsonak kamioen sarrera galarazi dute, eta zama handiko 60 ibilgailu inguru besterik ez dira sartu, sindikatuen arabera.

Bartzelonan, piketeek barrikadak egin dituzte gurpilei su emanda, eta garraiolariek ezin izan dute euren lana egin.

Estatuko Komunikazio Idazkaritzak dio Madrilgo eta Bartzelonako handizkako merkatuetan kontzentratu dela piketeen jarduna, eta istiluak "puntualak" izan direla.

Aipatu iturriek arabera, handizkako merkatuak "oso mantso" egin dute lan, "itundutako gutxieneko zerbitzuak betez".

Grebaren jarraipenari dagokionez, MCA-UGTk eta CC OOren industria eta eraikuntza federazioek jakinarazi dute erabatekoa dela metalaren sektorean eta azpiegitura handien kasuan, gaueko txandan.

Comisiones Obrerasek azaldu du automobilgintzako fabriketan gaueko txandan gelditu egin dela ekoizpena, izan ere, langile gehienek jarraitu omen diote deialdiari. CC. OO.k Renault, Citroen-Peugeot, Nissan, Ford, GM, Seat, Volkswagen, Mercedes eta Iveco-Pegaso enpresak aipatu ditu.

Probintziako hiriburuetako zabor bilketa ere 23:00etatik aurrera geldirik egon dela ziurtatu du, "gehiengo zabalak" greba orokorrean parte hartzea erabaki duelako.

Hedabideei dagokionez, Telemadriden emisioa eten egin dute gauerdian eta TV3k eta Canal Surrek etenaldi puntualak egin ditu egun osoan.

Baina Madrilen argitaratzen diren egunkari guztiak kioskoetara iritsi dira, nahiz eta orri kopurua murriztu. Hori horrela, El Paisek eta La Razonek 32 orri dituzte soilik, eta El Mundok eta ABCk 40 eta 48, hurrenez hurren.

Asturiasen La Nueva España eta El Comercio ez dira argitaratu eta Melillan Diario Sur ere ez.

Era berean, egunkarien banaketan arazoak izan dira goizaldean.

Istiluak

Ehun lagun baino gehiago atxilotu dituzte Espainia osoan, liskarretan eta istiluetan parte hartzeagatik. Istiluak Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian gertatu dira batez ere, eta Asturiaseko, Galiziako eta Andaluziako industrialdeetan.

Ekintzaileak, etxe-okupatzaileak eta talde bandalikoek eragindako liskarretan 42 lagun atxilotu dituzte Bartzelonan. Istilu horietan gutxienez 58 lagun zauritu dira, horien artean 30 esquadra Mosso. Arratsaldean, sistemaren aurkako hainbat ekintzailek istiluak eragindituzte; Bartzelonako erdigunean. Horren ondorioz, manifestazioaatzerapenarekin hasi da eta UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek"gutxi batzuen indarkeria" ukatu dute.

Istilu larrien artean, Madrilen pikete batean parte hartzen ari zen emakume bat harrapatu du furgoneta batek Bermont inprentaren irteeran.

Manzanaresen (Ciudad Real), beste pertsona bat zauritu da furgoneta batek harrapatuta eta Bartzelonan pertsona bat ospitaleratu behar izan dute.

112 zerbitzuak, bere aldetik, jakinarazi du gaua hasieran ekintza bandalikoak izan zirela eta zenbait kontainerri su eman zietela.

Valladoliden, 200 pertsona inguruk garbiketa zerbitzu minimoak betetzera zihoazen langileei irtetea galarazi diete.

Garraio alorrean, Valentzian zenbait autobusi harrika egin dietela zabaldu dute eta Almerian ibilbide luzeko trenik gabe geratu dira.

Istiluei dagokienez, bost pikete (CCOOko hiru eta UGTko bi) zauritu dira Valladolideko Michelin fabrikaren atarian, sindikatuek jakinarazi dutenez, eta Guardiako Epaitegian gertatutakoa salatuko dutela iragarri dute.

05:30 aldera izan da gertakaria, Polizia bertan zeuden piketeen kontra oldartu denean, Jose Antonio Fernandez FIA-UGTren probintziako idazkariak azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea