Ekonomia -
Greba orokorra
Piketeetako kide bat ospitalean, furgoneta batek harrapatu ostean
Cosladako 51 urteko emakumearen egoera larria izan liteke. Huelvan piketeetako hiru kide harrapatu ditu auto batek eta ospitalera eraman behar izan dituzte.
Erredakzioa
Informazio pikete batean parte hartzen ari zen 51 urteko emakume bat Madrilgo La Princesa ospitalean ingresatu dute Cosladako inprenta baten kanpoaldean furgoneta batek harrapatu ostean. Azucena Calderon Cosladako Udaleko langilea da zauritua, eta gidaria dagoeneko identifikatu dute.
112 zerbitzuak atzoko 20:53an jaso zuen gertakariaren abisua. Prentsaren banaketaz arduratzen den langile batek informazio piketeko kideak aurretik eraman zituen.
Emakumeak garezur-garuneko traumatismoa zuen eta ospitalera eraman behar izan zuten.
Manzanaresen (Ciudad Real) beste pertsona bat zauritu da furgoneta batek harrapatuta eta Bartzelonan pertsona bat ospitaleratu behar izan dute.
112 zerbitzuak, bere aldetik, jakinarazi du gaua hasieran ekintza bandalikoak izan direla eta zenbait kontainerri su eman dietela Madrilen.
Piketeetako hiru kide harrapatuta, Huelvan
Pikete batean parte hartzen ari ziren hiru sindikalista harrapatu ditu auto batek Huelvan, eta Juan Ramon Jimenez Ospitalean ingresatu behar izan dituzte.
Sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez, oraindik ez dakite zauriak larriak ote diren.