Ekonomia -

Lan-gatazka

Ortuellako General Electriceko langileek greba mugagabea hasi dute

Multinazionalak Ortuellako fabrika itxi egin nahi du, 137 beharginetatik 115 kaleratuta.

Ortuellako lantegia. Artxiboko argazkia: EiTB
Ortuellako lantegia. Artxiboko argazkia: EiTB
Ortuellako lantegia. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

General Electric Renewable Hydro multinazionalak Ortuellan (Bizkaia) duen lantegiko beharginek greba mugagabea hasi dute gaur, lan-erregulazioko txostena errefusatu eta enpresa ez ixtea exijitzeko.

Europa Press albiste-agentziak zabaldu duenez, General Electricek Orutellako lantegia ixteko asmoari eusten dio eta 22 lanpostu soilik mantenduko lituzke, hasiera batean 12 izango zirela iragarri bazuen ere. Hortaz, Ortuellako fabrikan ari diren 137 beharginetatik 115 kaleratu nahi dituzte. Gainerako 22 langileak zerbitzu eta mantenu-lanetarako tailer batean jardungo lukete.

Enplegu-erregulaziorako plana negoziatzeko mahaian beharginen ordezkariak nortzuk izango diren galdetuz zuzendaritzak igorritako gutuna jaso ostean, langileek greba mugagabeari ekitea erabaki dute.

Fabrika "gelditu" egin dutela eta lanuztearen jarraipena % 100ekoa izan dela azpimarratu dute.

Horrez gain, multinazionalaren jarrera gogor kritikatu dute, langileek "normaltasunez" lan egitea nahi duelako, fabrika ixteko asmoa erakutsi duenean.

"Une honetan lan-karga handia daukagu. Harrigarria da hainbesteko lana izanik lanean jarraitzeko eskatzea eta, aldi berean, atzera bueltarik ez duen berregituratze plana iragartzea", salatu dute beharginek.

Bestalde, langileen ordezkaritza bat Parisera joan da, General Electricek Europan duen zuzendaritzarekin biltzera. Grenobleko (Frantzia) eta Birreko (Suitza) fabriketan ere lan-erregulaziorako planak aurkeztu dituzte eta lantegi horietako  ordezkariak ere izango dira batzarrean.

Berregituratze planaren aurrean, "benetako egitasmo bat" aurkezteko eskatuko diete  zuzendaritzari.

Grenobleko langileek hamar egun daramatzate greba mugagabean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Bizkaia Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Ekonomia albisteak Ortuella albisteak Gaurko azken orduko albistea Lan gatazkak