Ekonomia -

Lan-gatazka

Egoitzetako langileek bost eguneko oinezko martxa egingo dute Bizkaian

Datorren asteko asteartetik larunbatera arte egingo dute; xedea izango da indarrean duten lan-gatazkari irtenbidea eman diezaiotela eskatzea.

Egoitzetako langileen protesta bat. Argazkia: EiTB.
Egoitzetako langileen protesta bat. Argazkia: EiTB.
Egoitzetako langileen protesta bat. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adinekoentzako Bizkaiko egoitzetako langileek (350 egunetan baino gehiagotan izan dira greban, azken urte eta erdian, hitzarmen sektoriala eskatzeko), bost eguneko oinezko martxa egingo dute Bizkaian, 2017ko urriaren 17tik 21era bitartean; indarrean duten lan-gatazkari irtenbidea eman diezaiotela eskatzea izango da martxa horren xedea.

Oinezko martxa Bilbotik abiatuko da, hilaren 17an, eta 21ean amaitu, larunbatarekin. Lehen etapa Bilbon hasiko da (Miserikordia egoitzan), eta Gurutzetan bukatu, Barakaldon; bigarrena Ezkerraldetik joango da, Barakaldo eta Portugalete artean; hirugarrenak, Eskuinaldean, Getxotik (Bizkaia Zubian hasiko da) Leioarako bidea egingo du; laugarrena Zornotzatik irten eta Durangoraino iritsiko da; eta azkenak Basaurin izango du abiapuntu eta Bilbon amaituko da, Foru Jauregiaren aurrean.

Herritarrei parte hartzeko eskatu diete

Langileek ELA sindikatuaren babesa dute. Prentsaurrekoan aurreratu dute, ostiral honetan, mobilizazio hau nolakoa izango den; deia egin diete herritarrei, beraiek ere parte har dezaten, haiekin batera.

Salatu dute Lares eta Elbe sektoreko patronalek duten jarrera; izan ere, langileen iritziz, balizko akordio bat lortzeko aukerak blokeatzen ari dira.

Duela hamar egun, ELAk aurre-akordio bat adostu zuen Gesca patronalarekin, alegia, sektorean gehiengoa duen patronalarekin, eta horrek itxaropenak zabaldu zituen: izan ere, ematen zuen lan-gatazkaren amaiera hurbil zegoela. Hala ere, eraginkortasun orokorreko sektore-hitzarmena gauzatu ahal izan dadin, gutxienez jarduera honetan dabiltzan gainerako beste patronaletako batek bat egin behar du akordioarekin; Laresek eta Elbesek, langileen esanetan, ez dute inolako borondaterik agertu, orain arte, akordio bat adosteko.

Euren iritziz, "guztiz larria" da horien jarrera; bereziki, kontuan izanik Bizkaiko Foru Aldundiak esan duela itun-orri berriak bertan behera utziko dituela. Erabaki hori hartu du Aldundiak akordioa erdiestea errazagoa izan dadin.

"Irabazi-asmorik gabeko" patronala

Langileen iritziz, Laresen jarrera da batez ere deitoragarria; izan ere, patronal horrek “irabazi-asmorik gabekoa” dela dio bere buruaz; Aldundiak itundutako oheak ditu (erabiltzen ari diren oheen % 80-100 dira), eta mozkinak, batzuetan, "urteko milioi bat euroko muga gainditzen dute".

Hori dela eta, Gaizka Miguel ELAko ordezkariak eskatu dio Foru Aldundiari argitzeko "zer egingo duen finantziazio publikoa duten eta akordioa boikotatzen ari diren erakunde hauen aurrean"; ohartarazi duenez, langileek mobilizazioak egiten jarraituko dute, gatazkari irtenbidea eman arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Basauri Getxo bideoak Portugalete berriak Azken ordukoa Bizkaia Barakaldo Amorebieta-Etxano bideoak ELA Grebak albisteak EAE Ekonomia berriak Leioa Durango argazkiak Gaurko azken orduko albistea Adinekoentzako egoitzak gaur Azken ordukoa protestak Sindikatuak Lan gatazkak gaur Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa