Ekonomia -
Aurrekontuen Batzordea
Plan ekonomiko alternatibo bat eskatu du Espainiako Bankuak
Ekonomiak okerrera egiten baldin badu, Gobernua neurri gehiago azkar martxan jartzeko gai izan behar dela esan du Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak.
Erredakzioa
2011ko helburu ekonomikoa bete ezean egitasmo alternatibo bat prest izatea proposatu dio Gobernuari Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak. Aurrikuspenak ez baldin badira betetzen defizita murrizteko zailtasunak areagotuko dira, Espainiako Bankuaren arabera.
Kongresuko Aurrekontuen Batzordean emandako hitzaldian, ekonomiak okerrera egiten baldin badu, Gobernua neurri gehiago azkar martxan jartzeko gai izan behar dela adierazi du Fernandez Ordoñezek. Egitasmo alternatibo horiek diseinatuta izateak "ekintza horien arrakasta erraztuko" lukeela azaldu du agintariak.
Zentzu horretan, udalen eta erkidegoen konpromiso fiskala indartzeko formulak bilatzea premiazkoa dela esan du Ordoñezek, esparru horretan arrisku gehien dagoela uste duelako.
Defizitaren murrizketa
Gobernuak aurrekontua orekatzeko neurri "oso gogorrak" hartu dituela onartu du buruzagiak prentsaurrekoan. Hala ere, "erkidego gehienetan defizita murrizteko konpromisorik ikusi ez" duela azaldu du.
Horregatik, erkidegoen kontuak gehiago kontrolatzearen alde agertu da Espainiako Bankuko gobernadorea, edo horiek gardenagoak izatea behintzat. Estatuak bezalaxe, udalek eta erkidegoek informazio "ugari eta zehatza" ematea eskatu du Ordoñezek.
2011n defizita BPGren % 6an kokatzeko xedea "sakratutzat" jo du agintariak. Erkidegoen eta udalen erruz helburua ez baldin badute lortzen merkatuak ez lukeela ulertuko erantsi du Ordoñezek.