Ekonomia -
Etxebizitzaren salneurria
Etxebizitzen prezioek Espainian puztuta jarraitzen dute
Europako Batzordearen txosten baten arabera, euren balio erreala baino % 17 garestiagoak dira.
Erredakzioa
Hiru urte igaro dira krisi ekonomikoa eta finantzarioa hasi zenetik, eta puztuta jarraitzen dute etxebizitzen prezioek Espainian; euren balio erreala baino % 17 garestiagoak dira. Eurogunean batez beste % 3 garestiagoak dira. Beraz, sustapen ekonomikoa lortzeko eraikuntza sektorean egin beharreko moldaketatik urrun dago Espainia.
Europako Batzordearen hiruhileko txostenaren arabera, 2007tik % 18 behera egin arren, etxebizitzaren burbuilak puztuta jarraitzen du Espainian. Irlandak baino ez du gainditu Espainiako beherakada (% 37) eta Euroguneko batez besteko beherakada % 8,3koa izan da.
Etxebizitzen prezioen puzketa Eurogunean gehienbat konpondu egin dela dio txostenak; AEBetan, ordea, ez da gauza bera gertatu eta etxebizitzen prezioek puztuta (% 10) jarraitzen dute.
Dena den, batez beste horren atzean Euroguneko kideen arteko ezberdintasun handiak atzematen direla ohartarazi du Europako Batzordeak. "2009ko amaieran, Euroguneko zenbait herrik etxebizitzen prezioak moldatu egin zituzten, baina beste batzuek, ordea, ez", txostenaren arabera. Bestalde, "Alemanian etxebizitzen prezioa merkeagoa da".