Ekonomia -
370 eguneko greba
Akordio batekin bukatu da Bizkaiko zahar-etxeetako langileen greba
Gehiengoa duen ELA sindikatuak, UGTk eta hiru patronalek aurreakordio kolektiboa sinatu dute. Urtebete baino gehiago eman dute zaindariek greban.
Agentziak | Erredakzioa
370 egun greban egon ostean, bukatutzat eman dute Bizkaiko lan-gatazkarik luzeena, zahar-etxeetakoa. "Garaipen sindikal handia" lortuta amaitu da mobilizazioa, ELAk adierazi duenez. Sindikatuak aurreakordio kolektiboa sinatu du Gesca, Lares eta Elberekin, sektoreko hiru patronalekin.
Hitzarmena sinatuta, zaindariek greba bukatu dela iragarri dute. Bihar, beraz, normaltasuna itzuliko da Bizkaiko zahar-etxeetara.
Langileek hunkituta hartu dituzte sindikatuko ordezkariak, txalo, besarkada, oihu eta malko artean, Lan Harremanetako Batzordean, Bilbon, eta xanpainarekin ospatu dute "akordio historikoa", Bizkaiko zahar-etxeetako sindikatu nagusiaren idazkari nagusi Adolfo "Txiki" Muñoz ere bertan zela.
Langileen partetik, sektorean gehiengoa duen ELA eta UGT sindikatuek sinatu dute hitzarmena. LABek eta CCOOk edukia aztertu behar dutela esan dute.
ELAren arabera, akordioak proposatutako aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu: hitzarmen kolektiboa, astean 35 orduko lanaldia, 1.200 euroko gutxieneko soldata, bajak hobetzea eta plusak eguneratzea.
2020ra arte egongo da indarrean. Soldatak hilero igoko dira, eta lanaldia ere mailaka gutxituko da, 2022an 35 ordukoa izan arte.
"Gaur, sufrimendu askoren ostean, lo egin gabe gau pila bat igaro ostean, dozenaka manifestazio eta elkarretaratze egin ostean, argi, garbi eta harro esan dezakegu lortu dugula; xantaiaren aurrean ez dugula etsi eta garaipen sindikal handia lortu dugula", esan dute langileek.
Horien esanetan, "emakumeen greba bat" izan da, eta lan-gatazka izateaz gain, "borroka sozial eta feminista" ere izan da, "zaintza-lanak duin bihurtu" dituena.
Gescak eta ELAk hasieran lortutako akordioari beste bi patronalak (Lares eta Elbe) batu zitzaizkion geroago. Patronalen komunikatuaren arabera, alderdi guztiek eman behar izan dute zerbait negoziazioan.
Enpresarien arabera, akordioak zaharren ongizatea bermatzen du, lan-baldintzak hobetzen ditu eta "jasangarria da", ez familiek ez Bizkaiko Foru Aldundiak ez dutelako beren gainean hartuko. Greban zehar "zerbitzua garantiekin jarraitzeko lanean izan diren profesionalei" eskerrak eman dizkie patronalak, eta barkamena eskatu dute adinekoei eta familiei eragindako arazoengatik.