Ekonomia -
Gasteizko Mercedes Benz
Mercedes Benzek 'lege-iruzurra' egin duela egiaztatu du Lan-Ikuskaritzak
ELA, LAB eta ESK sindikatuen arabera, Mercedesen dauden behin-behineko 500 bat langile finko izan beharko lirateke, langile baten aldeko epai batek ere frogatu duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko Mercedes Benz lantegiko ELA, LAB eta ESK sindikatuek adierazi dutenez, Lan-Ikuskaritzak egiaztatu du lantegi horretako kontratazioetan "lege-iruzurra" egon dela. Gainera, haren egoera salatu zuen behin-behineko langile batek aldeko epaia jaso du auzitegietan, sindikatuek gogora ekarri dutenez.
Joan den irailean salaketa aurkeztu zuten sindikatuek Lan-Ikuskaritzaren aurrean, Mercedesen dauden behin-behineko 500 bat langile finko izan behar zirela enpresari leporatuta.
Lan-gatazka hori "ezagutzera emateko", Gasteizko kaleetan elkarretaratzea egin dute sindikatu horietako ordezkariek, baita Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatzeko ere, Mercedesek "legea bete dezan".
Igor Guevara ELAko ordezkariak azaldu duenez, joan den astean Gasteizko epaitegi batek Mercedeseko langile baten aldeko epaia ebatzi zuen. Auzitegiak Lan-Ikuskaritzaren txostena jaso zuen eta bertan zetorren behin-behineko kontratazioetan enpresak "lege-iruzurra egin duela, hain zuzen ere".
Sindikatu-ordezkariak adierazi duenez, Lan-Ikuskaritzak jakinarazi die "ez duela ezer egingo" epaitegietako bideak zabalik dauden bitartean, eta epai irmoa ez izan arte, enpresak oraindik langile horren aldeko epaiaren aurkako helegitea aurkeztu dezakeelako.