Ekonomia -
Euskadiko Orkestra
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak greba egingo du azaroaren 18tik aurrera
EOSeko langileen helburua hitzarmen bat sinatzea da, enpleguari eutsi, langileen egonkortasuna lortu eta Euskadiko Orkestran "murrizketa-aldia amaitzeko".
eitb.eus
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren langileek greba egingo dute azaroaren 18tik aurrera, ABAOk antolaturiko opera-jaialdian zehar, ELA sindikatuak asteazken honetan agiri batean jakinarazi duenez.
Grebaren helburua hitzarmen bat sinatzea da, kidego horren eskariak jaso, enpleguari eutsi, plantilaren egonkortasuna lortu eta Euskadiko Orkestran "murrizketa-aldia amaitzeko".
Negoziazioak hasi zirela urtebete igaro dela salatu du sindikatuak, eta zuzendaritzak ez diela erantzunik eman esan dute: "2010. urtean legez kanpo amortizatu ziren 4 plazak berreskuratzeko bermerik ez dago, ezta etorkizunean lanpostuak iraunarazteko bermerik ere". Oro har, "bajak eta erretiroak daudenean ez da ordezkorik jartzen; beraz, horrela jarraituz gero, Euskadiko Orkestra arian-arian deseginez joango da", deitoratu dute.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako "ez aurreko Kultura sailburuak, Cristina Uriartek, ez oraingoak, Bingen Zupiriak, ez dute bildu nahi izan EOSeko langileekin, Orkestraren egoera larriaren berri biei eman bazaie ere", esan dute.
Gaur egun, "gastua murrizteko irizpidea gailendu da, Orkestra sortzeko hasierako helburuaren kaltetan: musikaren kalitatea eta gizarte-eginkizuna. Nahiz eta aurrekontua izan, 2012-2015 aldian soldatak ordaintzeko diru-kopuruak 1.500.000 euroko jaitsiera izan du, gastuan murrizketak egin direlako", adierazi dute.
Ostera, "ikaslearen papera gehiegikeriaz baliatzen ari dira. Ikasle batek 6.000 euro ordaindu behar ditu master bat egiteko, eta Orkestran leku bat izateko; baina horrela egiturazko lanpostuak legez kanpoko eran betetzen dira", esan dute.
Horrela, Euskadiko Orkestrako langileek borrokan jarraituko dutela adierazi dute "benetako hitzarmen bat lortu arte, hots, lan-baldintzak eta lanpostuak bermatuko dituen eta murrizketa-politika bukatuko duen hitzarmen bat lortu arte".