Ekonomia -

Hezkuntza

Nafarroak DBHko 17 espezialitatetan eta Lanbide Heziketako 6tan deituko du LEP bat

Gutxienez 211 lanpostu eskainiko ditu Hezkuntzako LEP horretan; gainera, Departamentuak iragarri du gutxienez beste 73 eskainiko dituela Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

Maria Solana eta Roberto Perez, Hezkuntzako kontseilaria eta zuzendari nagusia, gaur (EFE).
Maria Solana eta Roberto Perez, Hezkuntzako kontseilaria eta zuzendari nagusia, gaur (EFE).
Maria Solana eta Roberto Perez, Hezkuntzako kontseilaria eta zuzendari nagusia, gaur (EFE).

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak Lan Eskaintza Publikoa deituko du Bigarren Hezkuntzako 17 espezialitatetan eta Lanbide Heziketako 6tan; gutxienez, 211 lanpostu eskainiko dituzte, eta gehiago ere izan litezke, berritze- eta egonkortze-tasaren arabera. Gainera, Gobernuak iragarri du beste LEP bat deituko duela, Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako, eta horrek gutxienez 73 lanpostu eskainiko dituela.

Aldez aurretik iragarritako espezialitate-kopuruari eutsi diote, ez dute handitu; hori goizean bildu den Hezkuntza Mahai Sektorialean adostu dute. Bertan, egiaztatu dute espezialitate batzuetan aukera dagoela lanpostu-kopurua handitzeko. Bigarren Hezkuntzarako, 184 lanpostu aurreikusi dituzte; Lanbide Heziketarako, aldiz, 27.

Hala eman dute jakitera, prentsaurreko batean, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak eta Roberto Perez zuzendari nagusiak. Biek esan dutenez, eta nahiz eta gai-zerrendan ez zen agertzen, Haur eta Lehen Hezkuntzan ere LEP bat izango da; aztertzen ari dira aukerarik dagoen aurreikusitako 73 lanpostuak gehiago ere izateko.

Solanak zehaztu duenez, ez dute aukerarik esateko zenbat lanpostu gehiago egon zitezkeen; egonkortze-tasatik abiatuta, hemendik hiru urtera begirako planteamendu bat egin behar dute.

Bi ordu eta erdiko bilera

Hezkuntza Departamentuan egin dute bilera, bi ordu eta erdiko iraupena izan du. Gai-zerrendan bi puntu zeuden: hezkuntza-ituna, eta DBHko eta Lanbide Heziketako LEPa. Saioa nola gauzatu den ikusita, Kontseilariak balorazio ona egin du, guztien jarrera eta tonua aztertu dituenean.

Perezen esanetan, eztabaidatu dute zein irizpide tekniko hartu dituzten kontuan erabakitzeko zein espezialitatetan eskainiko dituzten lanpostuak; sindikatuen iritziz, lanpostu-kopurua egokia zen, datu teknikoak aztertuta, eta eskatu dute handitzea, baina ez aldiz espezialitateak.

Hortaz, oposiziogileak lasai egotea xede, aldez aurretik iragarritako espezialitateei eustea erabaki dute; hala ere, zabalik dago aukera lanpostuen kopurua handitzeko, berritze-tasaren balizko gehitze batek hala bideratuko balu, edo Estatu mailan dagoen egonkortze-tasak baimenduz gero.

Sindikatuei emandako txosten teknikoan, adierazi duenez, agertzen da espezialitate batzuetan lanpostu gehiago egon litezkeela.

Gai-zerrendan ez zegoen islatuta Haur eta Lehen Hezkuntza LEPa, iruzkinen bat egon bada ere, baina ez dute ezer guztiz adostu; izan ere, txosten juridiko baten zain daude. Hezkuntzak uste du 2015eko LEPtik datozen lanpostu horiek deitu behar direla, gal ez daitezen, baina batzuk ez daude ados horrekin, eta, hortaz, txosten juridiko hori eskatu dute. Solanak dio ulertezina dela batzuek enplegua egonkortzea eska dezatela, eta, aldi berean, deialdiaren aurka egin dezatela.

LEP horren aurkako plataforma bateko hainbat kide saiatu dira euren aldarrikapenak mahaiaren gainean jartzea, baina ezin izan dute, besteek uste izan dutelako ez zela hori egiteko toki egokia; hala ere, Hezkuntzako arduradunak plataforma horretako ordezkariekin bilduko dira, zehaztu dutenez.

Ituna "puntu on batetik abiatzen da"

"Hezkuntza Publikoaren Hobekuntzarako Hezkuntza Ituna" zein gai-zerrendako beste puntua; Perezek esanetan, sindikatuek balorazio orokorra egin dute, ituneko puntuetan sartu gabe. Inpresioa da "puntu on batetik" abiatzen direla, baina "konpromisoak eta zehaztasunak" gehitu beharko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Uxue Barkos Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua Hezkuntza sistemako albisteak Lan Eskaintzak Lanbide Heziketa Irakasleak azken ordukoa