Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Basagoitik ekintzaileak eta enpresa txikiak babesteko legea eskatu du
PPk "kosteak eragiten dizkieten araudiak eta jarduera ekonomikoa mantsotzen duten legedi konplexuak kendu" nahi ditu.
Erredakzioa
PPk lege proposamen bat aurkeztu du gaur EAEk ekintzaileen eta enpresa txikien babeserako legea, Estatuan lehena, izan dezan.
Antonio Basagoiti PPren EAEko buruak prentsaurrekoa eman du Eusko Legebiltzarrean ekimenaren berri emateko, legebiltzarkide denetik aurkezten duen lehenengo lege proposamena da.
Proposamenaren azken helburua EAE krisitik atera dadin "jarrera lehiatsua berreskuratzea" da, "aberastasuna eta enplegua sortzen dituen jarduerak sustatzea".
Horretarako, ekimenaren bitartez "kosteak eragiten dituzten araudiak eta jarduera ekonomikoa mantsotzen duten legedi konplexuak kendu" nahi dituzte.
Lege proposamenean hezkuntza sisteman kurrikulum gai batzuk sartzea ere agertzen da, enpresariaren papera transmititzeko eta baloratzeko eta unibertsitatean enpresen sorkuntza bultzatzen dutenei kredituak emateko.
Era berean, Administrazioaren kudeaketa sinplifikatu nahi du PPk, "garapen ekonomikoa mantsotu" dezaketen neurriak hartuz.