Ekonomia -
Protestak
Findegien grebak Frantzia geldiarazi dezake
Erretiroa hartzeko adina atzeratzearen aurkako protestak ehunka gasolindegi erregairik gabe utzi ditu eta hegazkinek behar duten kerosenoa jasotzeari utzi diote aireportuek.
Erredakzioa
Frantziako ikasleek sindikatuen errelebua hartu dute eta manifestaldien eta greben bidez Nicolas Sarkozyk bultzatutako erretiroa hartzeko adinaren atzeratzearen aurkako protestak mantendu dituzte gaur. Bien bitartean, findegien grebak Frantzia geldiarazi dezake.
Ehunka gasolindegik itxi behar izan dute erregairik gabe geratu direlako, eta hegazkinek behar duten kerosenoa jasotzeari utzi diote aireportuek, datu ofizialen arabera.
Egoera ez dramatikoa oraindik, produkzioa ez eteteko erreserbak daudelako, baina gutxi barru egoera jasanezina bihur daiteke Estatuko hamabi findegien blokeoa mantentzen baldin bada. Izan ere, eguneko azken orduan ez zen erregairik ateratzen bertatik.
Langileek hartutako lau findegien blokeoa konpontzeko Polizia bidali du Gobernuak goizean, baina ordu batzuk zabalik izatea lortu dute soilik, izan ere, sindikatuetako ordezkariek txorrota itxi dute berriro.
Aireportuek biltegietan pilatu dutena baino ez dute eta gasolindegiak eskasia nabaritzen hasi dira, baina egoera hori noiz arte jasan dezaketen ez du inork azaldu.
Lasaitasun deiak
Frantziako Gobernuak lasaitasuna eskatu du behin eta berriro, izan ere, izuak erregaia pilatzera eraman ditzake kontsumitzaileak eta gasolindegietako eskasi areagotuko luke horrek.
1995eko mamua agertzen hasi da. Orduan pentsioen erreformaren aurka egindako antzeko protesta batek herrialdea geldiarazi zuen zenbait egunetan. Alain Juppe lehen ministroaren Gobernua atzera egitera behartu zuen protestak.
Findegiek trenen errelebua hartu dute lanuzteekin eta ikasleek protestak mantendu dituzte kaleetan.