Ekonomia -

Langabezia

1.861 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian azaroan

Datuon balorazio positiboa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Izan ere, "krisialdia hasi aurreko azarorik onena' izan da honakoa.

Hainbat pertsona, ilara egiten Lanbideren bulego batean. Argazkia: EiTB
Lanbideren bulego bat. EiTB
Hainbat pertsona, ilara egiten Lanbideren bulego batean. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behera egin du langabeziak azaroan Hego Euskal Herrian. Zehazki, 1.861 langabe gutxiago zenbatu dituzte urriko datuekin alderatuta, Espainiako Enplegu Ministerioak emandako datuen arabera. Guztira, 163.514 pertsona daude lan barik.

Aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, beherakada % 1,36koa da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 0,28koa Foru Erkidegoan.

Urte arteko aldaketari dagokionez, iazko hilabete berean baino 13.102 pertsona gutxiago daude lan gabe. Hala, jaitsiera % 6,83koa da EAEn eta % 9,49koa Nafarroan.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, langabezia tasa Araban jaitsi da gehien, % 2,09 (443 langabe gutxiago, aurreko datuekin alderatuta). Guztira, 20.768 arabar daude langabezian.

Gipuzkoan, 495 langabe gutxiago zenbatu dituzte azaroan, % 1,44ko beherakada izan baita. Beraz, 33.826 pertsona daude lan barik lurralde horretan. Bizkaiko datuei dagokienez, % 1,11koa izan da jaitsiera (825 langabe gutxiago; guztira 73.699 pertsona lan barik).

Nafarroak eduki du jaitsierarik apalena: 98 pertsonak topatu dute lana bertan, eta tasak % 0,28 egin du behera, urriko datuekin alderatuta.

Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak balorazio positiboa egin du azaroko datuez. Izan ere, langabeziaren datuek sektore guztietan, adin tarte guztietan, gizonen eta emakumeen artean eta hiru lurraldeetan egin dute hobera. Hala, 2009ko langabeen kopuru "bertsua" dago gaur egun.

"Krisialdia izan baino lehen, oparoaldian, azaroa ez zen hilabete ona, baina 2013tik langabeen kopuruan beherakada izaten ohi da urte sasoi honetan, eta 2017an ere eutsi diogu joera horri", adierazi du.

Artolazabalen iritzian, azaroko daturik "adierazgarriena" kontratu mugagabeen gorakada da (% 12,85). "Horrek agerian uzten du kontratazioa kalitate hobekoa dela", azaldu du sailburuak.

Tankerako balorazioa egin du Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietako presidenteordeak. Horren ustez, "oso positiboak" dira langabeziaren datuak, "krisialdia hasi aurreko azarorik onena izan da honakoa".

Nafarroako Gobernuak igorritako ohar baten arabera, "langabeziak behera egin du bai aurreko hilabetearekin zein 2016ko azaroarekin alderatuta. Langabezia gutxien duen erkidegoetako bat izan arren, Espainiako Estatuan baino gehiago jaitsi da".

Estatuko datuak

Espainiako Estatuan, aldiz, gora egin du langabeziak, urriko datuekin alderatuta. Zehazki, 7.255 pertsonak galdu dute lanpostua (% 0,21). Iazko hilabete berako datuekin alderatuta, ordea, behera egin du langabeen kopuruak. 315.542 pertsona gutxiago daude orain langabezian.

Guztira, 3.474.281 pertsona daude Espainian langabezia bulegoetan izena emanda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024 Nafarroa gaur EAE Lana albisteak Ekonomia berriak Albisteak