Ekonomia -
2017ko eskaintza
Jaurlaritzak 4.583 lanpostu eskainiko ditu Administrazio Publiko osoan
Gehienak (3.335) Osakidetzan aterako dituzte, eta gainerakoak Hezkuntzan (798), Ertzaintzan (300) eta Administrazio Orokorrean eta menpeko erakundeetan (150).
eitb.eus
2017ko Enplegu Publikorako Eskaintza onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 4.583 lanpostu eskainiko dituzte, txanda irekikoak zein barne-igoerako txandakoak. Azterketak 2018an egingo dituzte.
Lanpostu gehienak (3.335) Osakidetzan aterako dituzte (3.016 txanda irekian eta 319 barne-igoerako txandan); Hezkuntzan, 798 lanpostu izango dira irakasleentzat; Segurtasun Sailean, abenduan argitaratuko dute Ertzaintzaren 27. promozioan 300 lanpostu betetzeko deialdia; eta Administrazio Orokorrean, berriz, 150 lanpostuko deialdia onartu dute.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan azaldu duenez, 2020rako gutxienez 13.500 lanpostu ateratzeko helburua du Urkulluren Gobernuak.
Lanpostuen % 7 aniztasun funtzionala duten pertsonentzat izango da, Ezgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen eta Gizarteratzearen Lege Orokorrak agintzen duen legez.
"2020ko Enplegu Plan Estrategikoa"ren barruan kokatzen da deialdia, Jaurlaritzak onartu eta Legebiltzarrari helarazia dion egitasmoan. Bertan agertzen denez, 13.500 izango dira gutxienez Eusko Jaurlaritzak 2020 arte eskainiko dituen lanpostu publikoak.
Lanpostu horien guztien banaketa hauxe izango da sailka: 1.500 lanpostu Administrazio Orokorrean eta erakunde autonomoetan, 5.000 Osasunean, 5.000 Hezkuntzan, 1.600 Segurtasunean, eta 400 Justizia Administrazioan.
Negoziazio prozesua sindikatuekin
Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du hori izango dela sindikatuekin negoziatzeko "oinarria", 2020ra arte urteko kopuru zehatza eta mota adosteko.
"Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoarekin eta sindikatuekin negoziatzeko duen konpromisoa erabatekoa da", azpimarratu du Erkorekak, lanpostu horien sorkuntzak "ekonomiaren susperraldia egonkortzen" duela aipatu aurretik.
Erkorekak esan du datozen urteak "erabakigarriak" izango direla zerbitzu publikoetako langileria egonkortzeko. "Milaka aukera daude enplegu publiko egonkorra eta kalitatekoa egonkortzeko", azpimarratu du.
Jaurlaritzaren bozeramaileak gogorarazi du behin behinekotasuna murrizteko eta belaunaldien erreleborako unea dela.