Ekonomia -

Bizkaian

Auto-saltzaileek matrikulazio-zerga ezabatzeko eskatu dute

Bizkaiko Auto-saltokien Elkartearen arabera, salmentak suspertzeko modua hori izan liteke; izan ere, autoen salmentek % 6 egingo dute behera 2010ean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2010ean autoen salmentak % 6 eta % 8 artean jaistea espero du Bizkaiko Auto-saltokien Elkarteak; hori dela eta, matrikulazio-zerga ezabatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari talde horrek, erosleek % 10 aurreztu ahal izango bailukete, batez beste, horrela.

Auto-salmentek % 2ko beherakada izan dute Bizkaian irailera arte; Estatuan, ordea, salmentek % 15 egin dute gora. Urte bukaera arteko aurreikuspenaren arabera, % 6 eta % 8 artean egingo dute behera salmentek Bizkaian, eta Estatuan, aldiz, ez dira ez igoko ez jaitsiko.

"Inork ez du zure ibilgailua guk bezain ondo ezagutzen" kanpaina aurkeztu du gaur Miguel Delgado Bizkaiko Auto-saltokien Elkarteko presidenteak Bilbon egindako prentsaurreko batean. Kanpaina horren bidez ibilgailuen mantentze-lanak profesionalen esku jartzeak dituen abantailei buruz informatu nahi dute.

Matrikulazio-zerga ezabatzeak salmenten beherakada "moteltzen edo leuntzen" lagundu lezake, Delgadoren hitzetan. Ibilgailuaren CO2 isuriaren arabera kalkulatzen da zerga hori, eta hiru tarte daude gaur egun: % 4,75, % 9,75 eta % 14,75. Hori ezabatuta, baliteke ibilgailu berrien erosleek % 8 eta % 10 artean aurreztea.

Ildo horretan, Bizkaiko Auto-saltokien Elkarteak matrikulazio-zergatan Estatuari urtean 30 milioi euro ematen dizkiola jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea