Ekonomia -
Eurostaten datuak
Espainiako defizita BPGren % 11,1ean dago, hamarren bat jaitsita
Datuen bigarren azterketaren arabera, Espainiako defizita EBko herrialdeen arteko altuenetakoa da; Greziak, Irlandak eta Erresuma Batuak bakarrik dute datu okerragoa.
Erredakzioa
Eurostat Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoak kaleratutako datuen arabera, 2009an Espainiako defizita aurreikusitakoa baino hamarren bat baxuagoa izan da; Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 11,1ekoa, hain zuzen.
Horrela, Espainiak Europar Batasuneko defizit altuenetakoa dauka, Irlandaren (% 14,4, aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago) eta Erresuma Batuaren (% 11,4, hamarren bat gutxiago) atzetik.
Grezia da Europan defizit altuena duen herrialdea, baina Eurostatek ez ditu 2009ko behin betiko datuak azaroaren erdialdera arte kaleratuko. Datu horiek gaur zabaldutakoak baino mardulagoak izatea espero da (Greziaren kasuan, BPGaren % 13,6).
Gorakada nabarmena izan arren, Espainiaren 2009ko zorra % 53,2an dago, EBk % 60ean jarritako mugaren azpitik. Aurreko urtean, % 53,2koa izan zen.