Ekonomia -

Lan-gatazka

Cristina Uriartek Hezkuntza alorreko mahaia deitu du asteazkenerako, akordio bila

Akordiorako "prest gaude, eta lan egiteko gogoekin", adierazi du Hezkuntza sailburuak.

Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua. Argazkia: EiTB
Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua. Argazkia: EiTB
Azken hilabetetan Hezkuntzan sortutako giro nahasia baretu nahi du Uriartek

1:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur jakinarazi duenez, asteazkenerako Hezkuntza arloko eztabaida-mahaia deitu du, euskal irakaskuntza publikoaren langileen ordezkariekin, akordio lotzeko eta greba deialdi gehiago saihesteko asmoz.

Haur hezkuntza eskaintzen duen zentro berri batean izan da gaur goizean Uriarte, Basaurin, eta sindikatuekin hitz egiteko prest dagoela azpimarratu du. Akordiorako "prest gaude, eta lan egiteko gogoekin", adierazi du.

Joan den hilaren 12an euskal irakaskuntza publikoaren langileren % 75k bat egin zuten greba-deialdiarekin, sindikatuen arabera (Eusko Jaurlaritzaren arabera, berriz, % 60k inguru). Iazko ikasturtetik deitutako mobilizazioak dira, eta lan-baldintzak hobetzeko eskatzen dute, kalitatezko hezkuntza eskaini ahal izateko.

Gauzak horrela, sindikatuek inbertsioa, langile kopuruak eta bitartekoak handitzeko eskatzen dute, aldizkakotasun tasak eta gela bakoitzeko ikasle kopurua murriztuta.

Horrez gain, ikasle euskaldunak eta eleaniztunak bermatuko duen eredua martxan jartzea eskatzen dute, LOMCE eta Heziberri dekretuak albo batean utzita. "Hala egin ezean, greba eta mobilizazio gehiago deitzera behartuko gaituzte", ohartarazi dute sindikatuek.

Steilasen erantzuna

Horren aurrean, Steilasek jakinarazi du asteazkeneko bilerara joango dela "jarrera irekiarekin eta negoziatzeko gogoekin", baina ohartarazi duenez, "erantzun egokiak" lortzen ez badituzte, mobilizazioei eutsiko diete, bereziki azken grebaren "arrakasta" ikusita.

ELA

Bestalde, asteazkeneko bileraren harira, "proposamenak mahai gainean" jar dezan eskatu dio ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari. Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Xabier Irastorza ELAko Hezkuntza arduradunak salatu du bileraren deialdia heldu zaiela eguneko gaien zerrenda barik. Hori dela eta, "eztabaida-mahaia bermekin abiatzeko, proposamenak" helarazteko eskatu dio Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea bideoak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza