Ekonomia -
Elkarrizketa ETBn
Zabaleta: 'Enplegu politika aktiboekin ongizate gehiago izango dugu'
Gemma Zabaletak pozik hartu du enplegu politika aktiboen transferentzia, baina oraindik "lan asko" egin behar dela esan du, "euskal Enplegu Zerbitzua martxan jartzea erraza ez delako".
Erredakzioa
Gemma Zabaleta Lan sailburuak adierazi du ostegun honetarako iragarrita dagoen enplegu politika aktiboen transferentziaren sinatzea "mugarri bat" izango dela euskal autogobernuarentzat.
ETBn egindako elkarrizketa batean, pozik agertu da prozesu luze baten ostean aipatu eskumenaren transferentzia amaitzear dagoelako.
Euskadik eskumen hori eskuratuta, "autogobernu gehiago" eta "ongizate gehiago" izango dela iragarri du. Alabaina, oraindik lan asko egiteko dagoela ere esan du, "euskal Enplegu Zerbitzua abian jartzea erraza ez delako".
Bere ustez, garai berri baten hasierako puntua izango da hori, izan ere, "Lan Sailak ez du zentzurik enplegu eskumenak barik".
Horrez gain, Zabaletak begi onez hartu du gai honetan EAJk erakutsi duen "jarrera positiboa, Euskadirentzat hori ona baita".
Beste alde batetik, egungo enplegu erregulaziorako espedienteen kopurua iazko irailean baino "askoz txikiagoa" dela nabarmendu du. 2009ko datuekin alderatuta, aurten gutxi gora behera erdiak onartu dituztela jakinarazi du.