Ekonomia -
Bizkaiko Batzar Nagusiak
2018rako Bizkaiko aurrekontuak onartu dituzte, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin
Hasierako proiektuari egindako hamabi zuzenketa dituzte kontuek, 979.000 eurokoak.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak 2018rako aurrekontuak onartu ditu ostegun honetan, EAJ eta PSE-EE foru gobernua osatzen duten bi alderdien aldeko botoekin, eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta PPren aurkako botoekin; talde mistoa abstenitu egin da. Hasierako proiektuari egindako hamabi zuzenketa dituzte kontuek, 979.000 eurokoak.
Foru gobernuak urrian erregistratu zuen Batzar Nagusien aurrean 2018rako aurrekontu proiektua, 7.813,2 milioi eurokoa; 1.602 milioi kudeaketa propiorako eta 1.193 milioi departamentuetarako.
Proiektuak EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren osoko zuzenketak izan zituen, eta osoko bilkuran errefusatu zituzten hilaren 14an. 600 zuzenketa partzial ere izan ziren, eta hamabi azkenean bozkatu duten proiektura gehitu dizkiote. Gainerakoak ostegun honetan eztabaidatu dituzte osoko bilkuran, eta errefusatu egin dituzte.
Zehazki, 2018rako Bizkaiko kontuek Aldundiak diseinatutako aurrekontu proiektuaren sei zuzenketa dituzte, EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztuak, eta beste sei oposizioko taldeekin eginak.
Zuzenketen erdiak Euskara eta Kultura arloari dagozkio, 479.000 eurorekin; Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasunak lau zuzenketa izan ditu, 390.000 eurokoak, Iraunkortasun eta Ingurumen arloak bakarra, 60.000 eurokoa, eta Garraioa, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioak beste bat, 50.000 eurokoa.