Ekonomia -
AP-8 eta AP-1
Indarrean da Bizkaiak eta Gipuzkoak adostutako 45 euroko bidesari bateratua
Kopuru horri lurralde bakoitzak duen tarifa gehitu beharko zaio (30 bat euro), horrenbestez, gehienez hilean 75 euro ordainduko ditu erabiltzaileak.
EiTB.EUS | Agentziak
Gaur, 2018ko urtarrilak 1, abiatuko dira errepideetako ordainsarien tarifa berriak, tartean AP-8 eta AP-1 autobideei aplikatuko zaien 45 euroko lurralde arteko gastu muga. Zenbateko horri lurralde bakoitzeko tarifa gehitu beharko zaio, 30 euro gutxi gorabehera. Horrenbestez, hilean, asko jota, 75 euro ordainduko dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako autobideetako erabiltzaileek.
Bizkaiako Foru Aldundiak adierazitakoaren arabera, tarifa sistema eskuratu nahi dutenek Interbiaken bulegoetan edota www.interbiak.bizkaia.eus webgunean izena eman beharko dute. Aurretik izena emanda zeuden erabiltzaileei posta elektronikoz jakinaraziko zaie, “online erraz egin daitezkeen pauso batzuk jarraituta”, aurretik egindako eskaera berritu behar dutela.
Aldundiaren datuen arabera, Bizkaian, 15.550 pertsonek egin dute eskaera 2017ko urtarrila eta azaroa bitartean.
Gipuzkoaren kasuan, Abiatuko erabiltzaileek soilik izango dute tarifa murriztuaz baliatzeko aukera eta ez da beharrezkoa izango beste inon izena ematea.
1.591 euroko aurrezkia
Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetako arduradunek emandako datuen arabera, neurriak urtean 1.591 euroko aurrezkia ekarriko die egunero AP-8 edo AP-1 erabiliz lurraldez aldatzen duten bizkaitarrei eta gipuzkoarrei. Gasteizera egunero doazen gipuzkoarrentzat 372 eurokoa izango da aurrezkia.
Neurriak 5.000 gipuzkoarrei eta 7.000 bizkaitarrei eragingo die, bi aldundietako kalkuluen arabera. Arabako Foru Aldundia ez da akordiora bildu, "oraingoz". Dena dela, Gipuzkoak AP-1eko Gasteizerainoko joan-etorriak ere sartuko ditu gipuzkoarren gastu muga horretan. Bizkaiak, ordea, ez.