Ekonomia -
Turkiye Garanti Bankasi
BBVAk Turkiako banku handienaren % 24,9 erosi du
Garanti Bankasi banketxeak 9,5 milioi bezero, 837 bulego eta 60.000 milioi euroko aktiboak ditu.
Erredakzioa
BBVAk Turkiye Garanti Bankasi Turkiako banku handienaren % 24,9 erosi du, 4.200 milioi euro ordainduta, euskal bankuak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) jakinarazi dionez.
Operazioa finantzatzeko, erakundeak kapitala handituko du, 5.000 milioi eurotan, akzio-jaulkipena eginez. Egungo akziodunek lehentasuna izango dute, eta akzio berri bat jasoko dute bost akzioko.
Akzio berriak 6,75 eurotan salerosiko dituzte, hau da, % 29 merkeago.
Erakundetik azaldu dutenez, finantza baliabide berriak lortzeko estrategiaren baitan handituko dute kapitala.
Horrelakoa da Garanti
BBVAk emandako datuen arabera, Garantik 9,5 milioi bezero, 837 bulego eta 60.000 milioi euroko aktiboak ditu.
Urteko lehen seihilekoan, 1.035 milioi euroko mozkin garbiak izan ditu, hots, iaz baino % 41,5 gehiago.
2009an, 1.552 milioi euro irabazi zituen.