Ekonomia -

Aurrekontuak

Aguirrek dio ekonomia eta enplegua bultzatzea dela aurrekontuen xedea

Ekonomia eta Ogasun sailburuak gogorarazi du datorren urtean BPG hazi egingo dela eta langabezia tasa % 9tik behera kokatuko dela aurreikusi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak uste du "enpleguaren sarraskia" amaitu dela eta 2011rako Eusko Jaurlaritzak prestatu dituen aurrekontuek ekonomia eta enplegua bultzatzea dutela helburu.

Aguirrek 2011ko EAEko aurrekontu orokorren proiektua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. 10,5 mila milioi euro izango dira orotara eta "krisitik ateratzeko bultzada" ematea izango omen du xede.

Aurrekontua % 2,3 haziko da 2010aren aldean, izan ere, enplegu politika aktiboen eskumenak 472 milioi hartuko ditu.

Zorpetze maila % 46,8 murriztuko da eta 1.017 milioi eurora iritsiko da. Inbertsioa berriz % 8 haziko da eta 295 milioi euro aurreztuko dituztela aurreikusi dute. Aurrekontuak "zuhurrak" diren arren, herritarrei eskainitako zerbitzu mailari eutsiko diotela azpimarratu du.

Egungo ekonomia egoerari dagokionez, "enpleguaren sarraskia" amaitu dela uste du Aguirrek eta Jaurlaritzak lanpostuak sortzen lagunduko duela, eta 2011n lortuko dutela. Hori horrela, "langabezia tasa % 9tik behera" jaitsiko dela aurreikusi du Ekonomia sailburuak.

Soldaten doikuntza

Era berean, aurten onartu duten soldaten doiketa izan du hizpide, "egin beharreko" zela azpimarratzeko. Aguirrek uste du langileek ulertu dutela esfortzua eta euskal alor publikoko langileak "oso ondo ordainduta" daudela.

Zerga politika

Zerga politikaren harira, egungo egoeran "oso zaila" omen da duela hiru urteko inbertsioak ahalbidetuko lituzkeen politika ekonomikoa ezartzea.

Ekonomia Saila

Ekonomia Sailak 2011n izango duen aurrekontuari dagokionez, 52 milioi eurokoa izango dela zehaztu du. 2010ekoa baino % 5,5 murritzagoa izango da eta murrizketa handiena jasango duen saila da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea