Ekonomia -
Renove Plana
1,4 milioi euroko diru-laguntza leihoak aldatzeko
Egitasmoarekin 1.600 eskaera erantzun ahal izatea espero dute. Diru-laguntza eskatu baino lehen obra amaituta egon behar da. Epea urtarrilaren 31n amaitzen da, baina fondoak bukatzean itxiko dute.
Erredakzioa
Leihoak aldatuko dituzten herritarrek edo urriaren 1etik aurrera egin dutenek Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzeko aukera izango dute. Leihoen Renove Planak berritasunak ditu aurtengo edizioan. Horrela, diru-laguntzak eskatu baino lehen obra amaituta egon behar da, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Aurrikusitako operazioak gutxiago izateaz gain, 2010eko planak diru-laguntza txikiagoak eskainiko ditu. 1,4 milioi euroak 1.600 eskaera aintzat hartzea ahalbidetuko dutela espero dute agintariek. Eskatzaileek etxebizitzan bizi beharko dute eta obra egin aurreko eta geroko argazkiak aurkeztu beharko dituzte.
Nahiz eta epea urtarrilaren 31n bukatu, fondoak amaitzen direnean automatikoki laguntzak amaituko dira. Hori Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) atarian kontsultatu ahal izango dute herritarrek.
Leihoek beira bikoitza eta iaz baino gaitasun isolatzaile handiagoa izan behar dute. Iaz diru-laguntzak % 30ekoak ziren, 2.000 euro gehienez jota. Aurten, ostera, gehienez 1.200 euroko diru-laguntzak emango dituzte.