Ekonomia -

SOLDATA ARRAKALA

Soldata arrakalari buruzko bigarren bilera bat egingo dute martxoaren 12an

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek (ELAk ez) parte hartu dute soldata arrakalaren gaia aztertzeko lehen bileran.

Soldata arrakalari buruzko bilera. ETBren bideotik ateratako irudia.
Soldata arrakalari buruzko bilera. ETBren bideotik ateratako irudia.
Denek aitortu dute soldata arrakala konpondu egin behar dela

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalari buruzko Mahaiak lehen bilera egin du gaur goizean eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritza, Confebask, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak; ELA ez. Bigarren bilera egingo dute martxoaren 12an eta LABek ez du argitu joango den ala ez.

Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzan egin dute bilera, Jaurlaritzak deituta. Eusko Legebiltzarrak soldata arrakalaren arazoari aurre egiteko neurriak hartzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, eragile sozialak lagun hartuta.

ELAk ez du gaurko bileran parte hartu, "propaganda" egiteko ekitaldia dela iritzita. Lehen bileran arazoari buruzko beren iritziak mahaigaineratu dituzte aldeek. Hurrengo bileran (martxoak 12) Emakundek ere parte hartuko du, soldata arrakalari buruzko datuak eman ditzan. Gaurko batzarrean parte hartu badu ere, arazoari heltzeko dagoen borondatearen arabera erabakiko du hurrengoan parte hartu ala ez.

Bileraren amaieran, Jon Bilbao Confebaskeko ordezkariak bileraren balorazio positiboa egin du, eta alde guztiak kezkatzen dituen gaiak jorratu dituztela nabarmendu du.

Arantza Vazquez LABeko kideak Confebasken abiapuntua gaitzetsi du, "soldata arrakala diskriminazioa ez dela argi eta garbi utzi duelako". Gaineratu duenez, patronalak bere erantzukizuna ukatu du eta Eusko Jaurlaritza, ostera, ez dago patronala interpelatzeko prest. Hori dela eta, LABek iragarri du aurrerago erabakiko du Mahai honetan parte hartzen jarraitu ala ez.

CCOOko Mari Cruz Vicenteren hitzetan, soldata arrakalaz harago, hori eragiten duten gaiez hitz egin behar da Mahaian. Halaber, bileren egutegia eta jorratu beharreko gaien zerrenda egiteko premia azpimarratu du. Kontuak kontu, baikor mintzatu da eta akordioak lortzeko moduan izango direla uste du.

UGTko ordezkari den Maribel Ballesterosek, ostera, aurrerapauso zehatzak eskatu ditu, gero emaitzak negoziazio kolektibora eramateko. Ez hori bakarrik, aurrerapausorik egon ezean, bileretan parte hartu ala ez birpentsatuko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak ELA albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Confebask bideoak EAE albisteak Lana albisteak Emakunde berriak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Sindikatuak Espainian Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Gutxieneko soldata