Ekonomia -
RADIO EUSKADI
Azpiazu: 'Gustura azalduko nioke Albert Riverari Kontzertu Ekonomikoa zer den'
Kontzertu Ekonomikoa izan ezean, Espainiako Estatuarekiko mendekotasuna handiagoa litzatekeela esan du Ogasun eta Ekonomia sailburuak.
EITB.EUS
Gizarteak Kontzertu Ekonomikoa zer den eta zertarako sortu zen jakitea ezinbestekoa dela uste du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, "akordio horri esker politika publiko propioak garatzeko aukera" baitu Euskal Autonomia Erkidegoak. Osasunean, azpiegituren alorrean, hezkuntzan edota berrikuntzan ezarri diren politikak jarri ditu adibide modura.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Azpiazuk nabarmendu duenez, ikuspegi teknikotik "oso zaila" da Kontzertu Ekonomikoa xehetasun guztiekin azaltzea, baina herritarrek "jakin badakite gure arazoak konpontzeko tresna bat dela".
Estatuarekin "berdinetik berdinera" hitz egiteko balio duen erreminta da ekonomia alorreko itun hori, sailburuaren arabera, eta aurrera begira "akordio gehiago lortzeko edo akordioetan sakontzeko" oinarri gisa ulertu behar da.
Kupoaren azken negoziazioan Alderdi Popularrak Kontzertu Ekonomikoa babestu izana "berri ona" dela esan du sailburuak.
Ciudadanos
Ciudadanos alderdiak azken hilabeteotan Kontzertu Ekonomikoa jomugan jarri izanari buruz galdetuta, "ez da batere atsegina aitortza osoa duen erakunde baten kontra joatea botoak lortzeko", esan du sailburuak.
Albert Riverari Kontzertu Ekonomikoaren nondik norakoak gustura azalduko lizkiokeela esan du Azpiazuk, hark "interes handirik izango ez duen arren".
Kongresuan Riveraren ondoan eserita egon zen garaian gaiaz hitzik ere ez zutela egin elkarrekin aitortu du. "Orduan ez zitzaion interesatzen", gaineratu du.