Ekonomia -
EUSKO JAURLARITZA
Guraso-baimena 36 asteraino luzatu daiteke, bi kideak funtzionarioak direnean
Sindikatuek 'propagandatzat' jo dituzte guraso-baimenen inguruan Eusko Jaurlaritzak igarritako azke berriak. Neurri horiek ez dituztela 'behin-benikotasuna eta murrizketak' konpontzen salatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bikote bateko bi kideak EAEko administrazio publikoko langileak badira, horiek har ditzazketen guraso-baimenak, batarenak eta bestearenak gehituta, 36 asteraino luza daitezke. Neurri hori jaso du Eusko Jaurlaritzak Enplegu Publikoaren zirriborro berrian.
Andres Zearreta Funtzio Publikoaren sailburuordeak aurkeztu die zirriborroa gaur sindikatuei, Administrazio Publikoaren Mahai Orokorrean. Jaurlaritzak Legebiltzarrera eraman nahi du testu berria urtea bukatzerako, bertan eztabaidatu eta onartzeko.
Sindikatuek ez dute begionez hartu Zearretak mahai gainean jarritako proposamena, eta guraso-baimenen atala "propaganda hutsa" dela salatu dute. Zentralen iritzian, behin behinekotasunari eta murrizketei aurre egiteko neurririk ez du jasotzen testuak, eta zerbitzuen pribatizazioari bere horretan eusten dio. Langile publikoen lan-baldintzak hobetzeko, negoziazio kolektibo eraginkor baten aldeko apusturik ere ez dute ikusten sindikatuek.
Hedabideen aurreko agerraldian, sailburuordeak guraso-baimenen inguruan erabakitakoa nabarmendu du. Zearretaren hitzetan, jaiotza, adopzio, harrera edota subrogazio kasuetan hartu ahalko dira guraso-baimenak.
Hiru baimen mota
Jaurlaritzaren proposamenak hiru baimen mota jasotzen ditu. Onartuz gero, bikoteko bi kideek hartu ahalko dituzte baimen horiek, sexuaren araberako bereizketarik gabe.
Guraso-baimen orokorra 16na astekoa izango da bikotekide bakoitzarentzat, % 100 ordainduta.
Orain arte edoskitze-baimen modura ezagutzen dena, 12 hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba zaintzeko baimena izatera igaroko da: guraso baimenari gehituko zaio, eta bikotea osatzen duten bi pertsonetako edozeinek eskatu ahal izango du, sexua edozein izanda ere.
Azkenik, lehen mailako senideak zaintzeko baimena (aita, ama edo seme-alabak) ere jaso du Jaurlaritzak zirriborroan.