Ekonomia -
Diputatuen Kongresua
50 milioi euroko diru-laguntza enpresa txiki eta ertainentzako
2011ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan barneratu duten partidak makineria eta erreminta erosketen % 25 ordainduko die enpresa txiki eta ertainei.
Erredakzioa
EAJren zuzenketa bat onartu du gaur Diputatuen Kongresuak. Horren arabera, 2011ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan 50 milioi euroko partida bat barneratuko dute, enpresa txiki eta ertainen makineria eta erreminta erosketen % 25 ordaintzeko.
Ganberako gehiengoaren babesa lortu dute jeltzaleek eta, ondorioz, ekimena aurrera atera da arratsaldeko bozketan, EAJk ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Ekimenaren onarpenarekin pozik agertu da Pedro Aspiazu EAJko bozeramaile ekonomikoa. "Krisi ekonomikoko testuinguruan, enpresek inbertsioa eta kapital teknologikoa areagotu behar dute lehiakortasuna irabazteko", azpimarratu du Aspiazuk.
"Lehiakortasunaren hobekuntza eta produktibitatearen hazkundea industria sektorea indartzeko bideak dira", erantsi du EAJko ordezkariak. "Kreditu gehigarri honekin ekipamendu-ondasunak berritu ahal izango dituzte enpresa txiki eta ertainek, kostu ekonomikoak optimizatuz", adierazi du.