Ekonomia -

Dublinen erresistentzia

EB eta NDF Irlandako bankuen erreskatea prestatzen ari dira

Europako Batzordearekin, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europako Banku Zentralarekin "ongi bideratutako" negoziaketa "laburra" izateko konpromisoa hartu du soilik Irlandak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuna (EB) eta Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) Irlandako banketxeen erreskatea prestatzen ari dira, Dublineko Gobernuaren erresistentziaren aurrean. Izan ere, nazioarteko herrialdeen laguntzarik behar ez duela errepikatu du gaur Irlandako Exekutiboak.

EB eta NDF prestatzen ari ziren erreskate planak kale egitea eragin du Irlandaren ezezkoak. Izan ere, laguntza jasotzeari uko egin dio Irlandak. Portugal eta Espainia bezalako herrialdetara zorraren arazoa zabaltzea saihestu nahi du EBk laguntzarekin, eta baita eurogunearen "biziraupen krisi" bat eragotzi ere.

Maiatzean sortutako laguntza fondoari 750.000 milioi euro eskatzea baztertu du Irlandak, 2011ko erdialdera arte sektore publikoa finantzatzeko baliabide nahikoak dituelako.

Baina finantza-sektorearen "arazo larriak" ikusita erreskatea onartzera behartu nahi zuten Dublin euroguneko estatuek eta Batzordeak. Izan ere, Irlandako finantza-sektorearen garbiketak 50.000 milioi euroko kostua izango du, eta defizit publikoa % 32ra arte igoko du.

Azkenean, Europako Batzordearekin, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europako Banku Zentralarekin (EBZ) "ongi bideratutako" negoziaketa "laburra" izateko konpromisoa hartu du soilik Irlandak, "merkatuaren arriskuei aurre egiteko beharrezko babesa emateko modurik egokiena zehazteko, batez ere finantza-sektorean", Jean-Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministroak iragarri duenez.

"Beharrezkoa baldin bada Euroguneko finantza egonkortasuna babesteko lankidetzarekin" ekingo du EBk, hori egiteko beharrezko baliabideak dituelako, adierazi du Junckerrek.

AEB

Europa Irlanda laguntzeko posizio onean dagoela esan du Timothy Geithner AEBetako Altxorreko idazkariak, baina egoera hauetan azkar ekin behar dela nabarmendu du.

"Irlandaz edo Portugalez ez dut bereziki hitz egin nahi", erantsi du Geithnerrek The Wall Street Journal egunkariak antolatutako foro batean, Irlandak erreskate plana eskatu behar ote duen galdetu diotenean.

Orokorrean, egoera horietan "oso, oso azkar" ekin behar da eta arazoei aurre egiteko erreformak martxan jarri behar dira herrialdeak krisitik ateratzen laguntzeko, Geitnherren ahotan.

Burtsak behera egin du

Bestalde, Espainiako burtsak % 2,46 behera egin du, azken hiru hilabeteetan izandako jaitsierarik handiena. Nazioarteko merkatuek atzera egin dute, Irlandako kaudimenaren inguruko zalantzek lagunduta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea