Ekonomia -
Irlandako bankuen erreskatea
EBko eta NDFko teknikariak Dublinera joango dira gaur lanean hasteko
Bruselak uste du 'premiazkoa' dela Irlanda erreskatatzea. Bere aldetik, Dublinek ukatu egin du laguntza behar duela, eta bere bankuek ez dutela "arazo larririk" ziurtatu du.
Erredakzioa
Irlanda erreskatatzeko balizko plana prestatzen hasita daude EBko, Naziorteko Diru Funtseko eta Europako Banku Zentraleko adituak. Oraindik ez dute plana aktibatu, Irlandaren eskariaren zain baitaude, baina bitartean, Dublinera joango dira ostegun honetan lanean hasteko.
Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako Europar Batasuneko komisarioak adierazi du "premiazkoa" dela Irlandaren erreskatea adostea, egoera "oso larria" baita eta "funtsezkoa" baita herrialde horretako bankuekiko konfiantza berreskuratzea, "euroguneko egonkortasunaren onerako".
Oraingoz, Dublinek errefusatu egin du laguntza jasotzea, eta hortaz, atzeratu egin da arazoa beste herrialde batzuetara hedatzea galarazteko Europar Batasuna eta Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) prestatzen ari ziren plana.
Komisarioaren esanetan, Irlandak laguntza eskatzekotan, eskatuko zaion erreforma datozen lau urteetako plan fiskalaren eta 2011ko Irlandako aurrekontuen gain eragina izango luke. Irlandak datorren astean aurkeztu behar ditu aurrekontu horiek.
Irlandak Bruselarekin, NDFrekin eta Europako Bankuarekin (EBZ) negoziazio "laburra eta zehatza" egiteko konpromisoa baino ez du hartu.
Komisarioaren arabera, negoziazioen helburuak "Irlandako bankuen benetako egoera" zein den egiaztatzea, sektore horretako beharrizanak atzematea eta balizko ondorioak neurtzea izango dira.
Bestalde, Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidentearen hitzetan, euroguneko kideek eta Europako erakundeek ez dute Irlandako Gobernua bultzatu nazioarteko laguntza jasotzeko.
Irlandak ez du laguntza nahi
Bien bitartean, Irlandak laguntza behar duela ukatzen jarraitzen du. Brian Lenihan Finantza ministroak ziurtatu du herrialde horretako bankuek ez dutela "arazo larririk", eta krisia nazioarteko merkatuen "normalizazio falta"ri egotzi dio.
Irlandako telebista-kate publikoari egindako adierazpenetan, Lenihanek gogorarazi du Estatuak "behar guztiak" beteta dituela hurrengo urteko erdialdea arte, eta bankuen sektoreko zati bat nazionalizatu egin dutela.
Ministroaren hitzetan, hurrengo astean aurkeztuko dituzten murrizketak nahikoak izango dira, horiekin 15.000 milioi euro aurreztuko baitituzte, 2014an defizita % 3ra jaistea helburu (egun % 32koa da).
Salgado: "Espainian ez da murrizketa gehiago izango"
Elena Salgado Ekonomia ministroaren hitzetan, “Irlandako krisiak ez du Espainia kutsatuko. Eta beraz, ez da murrizketa gehiagorik egongo”.