Ekonomia -
Agiri Ofizial batean
Karguarekin bateraezina zen jarduera bat ezkutatu zuen De Miguelek
Arabako Aldundian ustez izan zen ustelkeria kasua dela eta, publiko egin dute legegintzaldi honetan karguren bat izan dutenen ondasunen deklarazioa.
Erredakzioa
Alfredo De Miguel Arabako Herri Administrazioaren diputatu ohiaren ondasunen eta interesen deklarazioak agerian utzi du urte batean ez zuela jakinarazi Landaburu Etxea etxegintza enpresako administratzaile bakar izan zela, eta jarduera hori ez zen bateragarria kargu publikoarekin.
Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) legegintzaldi honetan Aldundian izan diren kargudunen ondasunen eta interesen deklarazioa argitaratu dute, EAJrekin lotutako ustezko ustelkeria kasua dela eta.
Bertan, aurretik ere ezaguna zen informazioa baieztatu dute, hau da, De Miguelek 2007an aurkeztu zuen ondasunen deklarazioan ez zuela jarri Landaburu Etxea etxegintza enpresaren administratzailea bakarra zela. Enpresa hori izan zen EAJk Gasteizen duen egoitzaren eraikina erosi zuena. Kataia eta Eskalmelo elkarteetako kide zela, ordea, azaldu zuen.
Xabier Agirre ahaldun nagusiak beti azpimarratu izan du De Miguelek ez zuela asmo txarrarekin ezkutatu aipatu informazioa, 2008an ere hala egingo zuelako bestela.
Aldizkari ofizialean 53 diputaturen eta zuzendariren ondasunak agertzen dira, Xabier Agirre ahaldun nagusiarenak besteak beste.
Agirrek 307.000 euroko etxebizitza baten jabetza, 17.000 euro kontu batean, 7.000 eurotan baloratutako bi turismo eta 90.000 euroko kreditua du % 50ean partekatuta.