Ekonomia -

Lan-gatazka Ertzaintzan

Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzako sindikatuen arteko tentsioa ez da baretu

Segurtasun Sailak aldebiko bilerak egin ditu sindikatuekin, Ertzaintzako Brigada Mugikorraren egoera aztertzeko. Berriro batzartuko dira datorren astelehenean.

Roberto Seijo (ErNE sindikatua) bilerara heltzen. . Argazkia: EFE
Roberto Seijo (ErNE sindikatua) bilerara heltzen.
Roberto Seijo (ErNE sindikatua) bilerara heltzen. . Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Ertzaintzako sindikatuek aldebiko bilerak egin dituzte astearte honetan, baina tentsioa ez da baretu; izan ere, batak Brigada Mugikorrari buruz soilik hitz egin nahi du eta besteek antolakuntza eta polizia-eredua ere negoziatu nahi dituzte. Datorren astelehenean berriro batzartuko dira.

Joan den martxoaren 7an, Ertzaintzaren Kontseiluan, jaso zuten sindikatuek Brigada Mugikorra modernizatzeko Segurtasun Sailak egindako proposamena. Azken egunotan dokumentua zorrotz aztertu ostean, sindikatuek euren ekarpenak eman dizkiote Segurtasun Sailari.

Bilera-sorta amaituta, Segurtasun Sailak ohar bidez azaldu duenez, Brigada Mugikorrean dauden bi sekzioak batzea eta Laguntza eta Zaintza eta Erreskate taldeek duten lanaldia ezartzea proposatu die sindikatuei: zazpi egunez jarraian lan egitea, bederatzi ordu eta erdiko lanaldiekin eta ondoren astebetez atseden hartuta.

Horrenbestez, egun unitate horretan egiten dituzten 24 orduko lanaldiak (16 orduz lanean eta 8 ordu lotan) desagertuko lirateke.

Segurtasun Sailaren iritzian, "eredu horrek familia-kontziliazio hobea ahalbidetzen du, baita programak eta entrenamendu metodoak batzea eta urteko planifikazioak egitea ere".

Brigada Mugikorrean belaunaldien arteko aldaketa bermatzeko proposamenak ere aztertu dituzte, besteak beste, unitate horrek eskatzen dituen baldintza fisikoak betetzen ez dituzten ertzainak bertan egon behar izatea ekiditeko.

Sindikatuak haserrere

Aldebiko bilerak amaituta, Roberto Seijo ErNE sindikatuko idazkari nagusiak esan du batzarra "porrota" izan dela eta Segurtasun Sailak beren proposamenak aztertu ere egin ez dituela salatu du. "Egutegi esklaboak mantendu eta inposatu nahi dizkigute", kritikatu du.

"Ertzaintzan sufritzen dugun antolakuntza kaosari buruz ez dute eztabaidatu nahi, ezta adineko ertzainentzako bigarren jarduera erregulatzeaz ere", erantsi du.

Eneko Urkijo ESAN sindikatu idazkari nagusiaren hitzetan, Segurtasun Sailarekin egin duten bilera "tentsio handikoa eta zorrotza" izan da.

Estefania Beltran de Herediak zuzentzen duen Sailak jarrera irekiagoa izango zuela espero zuten. Batzarretik "zapore gazi-gozoarekin" atera direla esan du, baina, hala ere, negoziatzeko jarraitzeko borondatea agertu du, "elkarrizketa apurtuta lan-baldintzak oraindik okerragoak izango liratekeelako".

Urkijok bere sindikatuaren proposamena helarazi dio Segurtasun Sailari eta bi aldeak martxoaren 19an elkartuko dira berriro.

ELA sindikatua ere ez da gustura atera bileratik. Segurtasun Sailak "Brigada Mugikorrari buruz soilik" hitz egin nahi duela eta Ertzaintzan dituzten "arazo estrukturalak" aztertzeari uko egiten diola salatu du.

Gainera, "Brigada Mugikorrari buruz egin duen proposamena onartezina da", adierazi diote Europa Press agentziari.

Segurtasun Sailak Ertzaintzaren unitate horretan 24 orduko lanaldia kendu nahi ditu, "baina bederatzi ordu eta erdiko lanaldiak ez datoz bat Brigada Mugikorraren eginkizunekin", ohartarazi du ELAk.

Athleticek eta Marseillako Olympiquek ostegun honetan jokatuko duten partidaren harira prestatu duten dispositiboaz galdetuta, Segurtasun Saileko ordezkariek sindikatuei esan diete "ertzain nahikoa" izango dela eta "neurri eraginkorrak" hartuko dituztela.

Segurtasun Saila eta sindikatuak berriro bilduko dira datorren astelehenean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Gizartea bideoak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea