Ekonomia -

Azpiegiturak

AHTk Nafarroaren etorkizuna bermatzen du, Sanzen hitzetan

Nafarroan AHTk izango duen eragin ekonomiko eta soziala laburbiltzen duen ikerketa aurkeztu dute eta Nafarroako presidentea bertan izan da, beste zenbait agintarirekin batera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura Handiko Trenak Nafarroaren etorkizuna bermatzen duela adierazi dute gaur Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Victor Morlan Sustapen Ministerioko Azpiegitura eta Planifikazio estatu-idazkariak.

Nafarroan AHTk izango duen eragin ekonomiko eta soziala laburbiltzen duen ikerketa aurkeztu dute eta biak bertan izan dira, beste zenbait agintarirekin batera. Gutxienez 1.370 lanpostu sortuko ditu urtero azpiegituraren eraikuntzak, % 0,23 handituko du balio erantsi gordina urtero, turismoak % 5 egingo du gora eta 60 milioi aurreztuko ditu urtero, Laura Alba Herri-lan kontseilariak azaldu duenez.

Trenaren erabiltzaileak % 73,2 haztea espero dute agintariek AHTren lehen funtzionamendu urtean. Guztira, 1,3 milioi bidaiari, biztanleriaren % 94 tren geltoki batetik 30 minutura izango da eta enpresek trenera heltzeko 37,5 minutu gutxiago beharko dituzte.

Gainera, CO2 isurketak 26.945 tona murriztuko dituztela iragarri du Albak, esportazioei eta Nafarroako enpresen lehiakortasunari mesede egingo die, eta elikadura, botika eta elektronika industriaren merkantzien garraioko kostuak % 40 murriztuko ditu azpiegitura berriak. Era berean, inbertsioak erakartzen lagunduko du eta Foru Erkidegoaren irudia salduko du atzerrian. Guzti horrek lan-merkatua zabalduko du.

Horregatik, azpiegiturak Nafarroaren etorkizuna bermatuko duela uste dute Sanzek eta Morlanek. Gainera, Nafarroako AHT ''euskal Y''rekin lotuko dute, eta baita Kantauri-Mediterraneo korridorearekin ere. Izan ere, "pixkanaka-pixkanaka forma hartzen doa", adierazi du Morlanek, eta Valentzia Kantauri itsasoarekin lotuko du Iruñetik pasatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea