Ekonomia -

BIZKAIKO OGASUNA

Bizkaiko Ogasunak 395 milioi euro itzuliko ditu 2017ko errenta aitorpenaren kanpainan

Errenta aitorpena egiteko kanpaina maiatzaren 2an hasi eta ekainaren 29an amaituko da. Gainera, zergadunek etxean jasoko dute proposamena asteartetik aurrera.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko errenta aitorpena egiteko kanpaina aurkeztu du gaur Bizkaiko Ogasunak. Hala, Bizkaiko zergadunek maiatzaren 2tik ekainaren 29ra bitarteko epea izango dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Ondasunen gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko. Bizkaiko Foru Ogasunaren aurreikuspenen arabera, 571.000 errenta aitorpen aurkeztuko dira guztira. Halaber, 395 milioi euro itzultzea eta 323 milioi euro jasotzea espero du.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak errenta eta ondare zergen kanpainari buruzko xehetasunak eman ditu gaur goizean Bilbon egin den prentsaurrekoan.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, iaz baino 2.000 aitorpen gehiago aurkeztea aurreikusten du. Hamar zergadunetatik zazpiri itzultzera aterako zaie, eta, batez beste, 980 euro kobratuko dituzte. Guztira, 395 milioi euro itzultzea espero du Bizkaiko Ogasunak.

Ordaintzeko aitorpenen kasuan, ostera, 168.000 izatea aurreikusten du eta 1.925 euro ordainduko dituzte, batez beste. Beraz, errenta kanpainaren balantzea negatiboa izango da Foru Aldundiarentzat, hain zuzen zere, 71,5 milioi eurokoa.

Kenkariei lotuta, Ogasunak iazko kopuru antzekoa aurreikusten du: 578,8 milioi euro. Gehien aplikatzen diren kenkariak ondorengoak dira: seme-alaben kenkaria, ohiko etxebizitza erosteagatik edota alokatzeagatik kenkaria, kenkaria ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik, 65 urtetik gorakoa izateagatik, desgaitasuna izateagatik, pentsio planak izateagatik edota borondatezko aurreikuspen erakundeetan ekarpenak egiteagatik.

Halaber, zergadunari arreta eskaintzeko zerbitzu bereziak indartuko ditu Bizkaiko Diputazioak. Zehazki, gaurtik aurrera martxan dago 2017ko Errenta eta Ondare Kanpainaren webgunea eta arretarako telefonoa (94 608 3000).

Bestalde, zergadunek aurrez aurreko zerbitzua jasotzeko aukera izango dute Bizkaiko Ogasunak Bilbon, Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Durangon, Gernikan, Getxon, Mungian eta Portugaleten dituen bulegoetan. Halaber, errenta aitorpena banku erakundeen bitartez egiteko zerbitzua ere martxan izango da.

Iruarrizagak azaldu duenez, 335.000 zergadunek etxean jasoko dute proposamena asteartetik aurrera. Itzultzekoak diren kasuetan (kolore berdea), zergadunak ez du ezer egin beharko eta dirua kanpainako lehendabiziko egunetan jasoko du. Ordaintzekoa bada (kolore urdina), aldiz, zergadunak bere onespena eman beharko du.

Ondare zergari dagokionez, 7.900 aitorpen izatea aurreikusten du Ogasunak, iaz baino 500 gehiago. Halaber, 75 milioi euro jasotzea espero du, 2016ko kanpainan baino 600.000 euro gehiago.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea